Irunbuseko hiru lineek aldageltokia izango dute Bixeran, bi norabideetan
Hilaren 1ean Ekialdebusek linea berriak ezarri zituenetik, autobusen gaia etengabeko eztabaidagai bilakatu da Irunen. Aldundiak Irundik igarotzen diren lineetan aldaketak abiatu zituen data horretan, lehenago Irungo eta Hondarribiko udalekin negoziatu ondoren, baina ez biekin elkarrekin. Ekialdebuseko aldaketekin batera, batzuetan behartuta eta beste batzuetan probestuta, Irunbusek ere bere hiru lineak moldatu zituen, baina Mugikortasun arloak ezarritako aldaketak ez ziren izan denen gustokoak. Asteartean Mugikortasun Mahaia elkartu zen Ficoban eta, udalean ordezkaritza duten alderdiez gain, beste hainbat talde egon zen bertan ordezkatuta, autobusen aldaketengatik kaltetuak sentitzen ziren lau auzo elkarte haien artean. Herenegun goizeko prentsa agerraldian “oso pozik” agertu ziren Jose Antonio Santano alkatea eta Cristina Laborda Mugikortasun zizegotzia astearteko bilkuran lortutako adostasunarengatik: “azken asteetan egindako lan handiaren fruitua izan da”, esan zuen Santanok. Gobernuko ordezkariek aurreratu zuten hilaren 13an aurkeztuko duten proposamen berriak auzo elkarteen eskakizunak aintzat hartuko dituela: “Lineak eraginkorragoak eta azkarragoak izango dira, eta auzoak eta erdigunea oso ondo konektatuko dituzte”. Bukatzeko, alkateak esan zuen “intermodalidadea, eta hiri eta hiriarteko autobus sarean osagarritasuna bermatzen direla”, eta eskerrak eman zien alderdiei eta auzo elkarteei eztabaidan egindako ekarpenengatik. Linea-aldatzea, ibili gabe Astearteko bileraren aurretik udalaren proposamenak Bixeran geltoki partekatu bat egotea planteatzen zuen; L1 eta L2ko autobusek bertan geratuko lirateke bi [...]
Hilaren 1ean Ekialdebusek linea berriak ezarri zituenetik, autobusen gaia etengabeko eztabaidagai bilakatu da Irunen. Aldundiak Irundik igarotzen diren lineetan aldaketak abiatu zituen data horretan, lehenago Irungo eta Hondarribiko udalekin negoziatu ondoren, baina ez biekin elkarrekin. Ekialdebuseko aldaketekin batera, batzuetan behartuta eta beste batzuetan probestuta, Irunbusek ere bere hiru lineak moldatu zituen, baina Mugikortasun arloak ezarritako aldaketak ez ziren izan denen gustokoak.
Asteartean Mugikortasun Mahaia elkartu zen Ficoban eta, udalean ordezkaritza duten alderdiez gain, beste hainbat talde egon zen bertan ordezkatuta, autobusen aldaketengatik kaltetuak sentitzen ziren lau auzo elkarte haien artean. Herenegun goizeko prentsa agerraldian “oso pozik” agertu ziren Jose Antonio Santano alkatea eta Cristina Laborda Mugikortasun zizegotzia astearteko bilkuran lortutako adostasunarengatik: “azken asteetan egindako lan handiaren fruitua izan da”, esan zuen Santanok.
Gobernuko ordezkariek aurreratu zuten hilaren 13an aurkeztuko duten proposamen berriak auzo elkarteen eskakizunak aintzat hartuko dituela: “Lineak eraginkorragoak eta azkarragoak izango dira, eta auzoak eta erdigunea oso ondo konektatuko dituzte”. Bukatzeko, alkateak esan zuen “intermodalidadea, eta hiri eta hiriarteko autobus sarean osagarritasuna bermatzen direla”, eta eskerrak eman zien alderdiei eta auzo elkarteei eztabaidan egindako ekarpenengatik.
Linea-aldatzea, ibili gabe
Astearteko bileraren aurretik udalaren proposamenak Bixeran geltoki partekatu bat egotea planteatzen zuen; L1 eta L2ko autobusek bertan geratuko lirateke bi norabideetan, baina norabide bakarrean L3koa. Horrek, EAJren ustez “L3a osatu gabe” utziko luke, “proposamenak oinezko mugimendua eskatzen zuelako”. Eta hori izan zen asteartean adostutako aldaketa nagusia, hots, L3aren ibilbidea aldatzea, bi noranzkoetan Bixeran geratu ahal izateko. Moldatze horrek Artiako bizilagunak poztu zituen eta, hortaz, EAJ aldeko izango du udal gobernuak hilaren 13ko udal batzarrean.
Mugikortasun Mahaiaren aurretik, eta auzo elkarteekin izandako bileren ondoren, Bilduk eta Udal Gobernuak zenbait aldaketa adostu zituzten; Ficobako hitzorduan eginiko moldaketak ere Bilduren gustukoak izan ziren, “Artiako auzo elkartearen eskaerarekin bat zetozelako”. Hala, osoko bilkuran proposamenaren alde bozkatuko dutela esan zuen Oinatz Mitxelenak.
Partido Popularrak plenoan erabakiko du zer bozkatu. Juana Bengoetxeak adierazi zuenez, L3a San Juanetik pasatzeko eskatuko du PPk, “eta erantzunaren arabera alde batera edo bestera” egingo dute. “Hirugarren lineak 600 metroko desbideratzea egin baino, hobe da ordu erdiro mikrobus batek Leon Iruretagoiena kalea zeharkatzea, hau oinezkoentzat izan ala ez”, gehitu zuen Bengoetxeak.
Santano: “Autobusak aldatu behar izan ditugu Ekialdebusen lineei moldatzeko”
Astelehenean Hondarribiko Udaleko alderdiek —PSE-EEk izan ezik— idatzi bat sinatu zuten, Irungo Udalari eta aldundiari Ekialdebusen E25 lineako autobusa San Juanera iritsi dadin eskatuz. Jose Antonio Santano Irungo alkateak “Hondarribiko Udalaren formak” kritikatu zituen asteazkeneko agerraldian.
Santanok aipatu zuen Irunek bezala Hondarribiak aldundiarekin negoziatu zituela lineen aldaketak, hondarribiarren alde eginez, “besteak beste, Txingudira doan linea Irungo erdialdetik urrunduz. Autobusetan dirua jartzen duen eskualdeko udal bakarra gu gara, eta asko gainera”, gehitu zuen. Santanok gogoratu zuen Irunek E25a San Juaneraino iristeko eskatu ziola aldundiari, “hori bai Larreaunditik pasatuta, ibilbidearen zati horretan bizi diren 12.000 irundarrei zerbitzu emateko”. Kazetarien galderei erantzunez, proposamen hori berresteko prest agertu zen.
Aldaketak
Ekialdebus
- E22 (Hondarribia-Ospitala-Txingudi). Ez da erdialdean sartuko, Belaskoenea eta Kateatik baizik. Lehen autobusa, 07:25ekoa, Arasora doa, eta ez Txingudira. Igande eta jaiegunetan ere dabil.
- E24 (Irun-Ibaeta-Amara). 07:15ean eta 08:15ean abiatzen da Gipuzkoa etorbidetik, baina lehenago Belaskoenea, Aldabe mendia, Gibeanaka, Gurutze Gorria eta Colon pasealekuan geldialdiak egingo ditu.
- E25 (Irun-Hondarribia). Hamabost minuturo; lehen 20 minuturo zen. Ez doa Palmera-Monterora, Larreaundira baizik: Hondarribitik Gipuzkoa eta Euskal Herria etorbideetatik jaitsiko da; itzuleran ibilbide bera egingo du, kontrako norabidean.
- E26 (Irun-Errenteria-Antxo-Donostia). Ordu erdiro; lehen orduro zen. Irunen geltoki berriak izango ditu: Oinaurre eta Elizatxo 54 (Donostiako norabidean), eta Oinaurre, Belaskoenea y eta Letxunborro etorbidea (Irungo norabidean).
- E27 (Hondarribia-Irun-Errenteria-Antxo-Donostia, asteburu eta jaiegunetan). Ordu erdiro; lehen orduro zen.
- E78 (Irun-Hondarribia, larunbat gauetan). 40 minuturo. Lehen orduro zen eta hiru bidai gutxiago egiten zituen.
Irunbus
- Aldageltokia. Hiru lineek geltoki bat partekatuko dute Bixeran. Obren ondoren lekua egokituko dute, autobusek biratzeko.
- L1. Jaizubiaraino iritsiko da, eta ez da Kateatik pasako.
- L2. Kateako autobusa San Juanera iritsiko da. Hiru autobusetatik bat Txingudi merkatalgunera joango da, eta beste biak Belaskoenera.
- L3. Mikrobusak geldialdia izango du San Juanen, bi norabideetan, Artiatik Olaberriara bidean, eta Olaberria.



