Gazte Mailako Errenteria Hiria Txirrindularitza Sarian 140 partaide espero dituzte
Etzi, ohi baino txirrindulari gehiago izango dira herriko kaleetan, Gazte Mailako Errenteria Hiria Txirrindularitza Saria jokatuko baitute. Dagoeneko, 29.en urtez antolatu dute, eta horren atzean Laguntasuna Txirrindulari Elkartea eta Errenteriako Udal Kirol Patronatua daude. Antolatzaileek jakinarazi dutenez, “luxuzko parte hartzea” izango dute, Gazte Mailako talde eta txirrindulari onenak etortzea espero baitute. 140 partaide inguru izango direla jakinarazi dute. Araba, Bizkaia eta Nafarroako hainbat talde izango dira, baita Euskal Herritik kanpo etorritakoak ere: Castelloko (Herrialde Katalanak) Ceramicas Onda horien artean. Lasterketa “azkarra” izango dela ere espero dute antolatzaileek. Laguntasunak bere ordezkariak ere eramango ditu etziko lasterketara, bost denera: Adrian Muriel, Mikel Plaza, Markel Lezertua, Gaizka Castelruiz eta Iker Gurutzealde. “Dena emango dute helburu nagusia lortzeko, proba irabaztea”, adierazi du txirrindulari elkarteak. Pasa den urtean, Eneko Lizarralde Bergarako Sumofic taldeko txirrindularia izan zen lehena helmuga zeharkatzen. Herriko txirrindularietan, berriz, Urtzi Bagues izan zen onena. Ibilbidea Txirrindulariek 70 kilometroko zirkuituari eman beharko diote buelta, eta eskualde osoan zehar ibiliko dira, Errenteria-Orereta, Lezo eta Oiartzundik hainbatetan igaroz. Denboraldiaren hasiera izango dela kontuan izanda, antolatzaileek zehaztu dute ez dela oso ibilbide gogorra izango: “Proba ahalik eta txirrindulari gehienek bukatzea da lehentasuna”. Lasterketa 16:30ean abiatuko da Nafarroa etorbidetik (Agirre Lehendakaria plazaren parean), eta 18:15ean espero dute [...]
Etzi, ohi baino txirrindulari gehiago izango dira herriko kaleetan, Gazte Mailako Errenteria Hiria Txirrindularitza Saria jokatuko baitute. Dagoeneko, 29.en urtez antolatu dute, eta horren atzean Laguntasuna Txirrindulari Elkartea eta Errenteriako Udal Kirol Patronatua daude.
Antolatzaileek jakinarazi dutenez, “luxuzko parte hartzea” izango dute, Gazte Mailako talde eta txirrindulari onenak etortzea espero baitute. 140 partaide inguru izango direla jakinarazi dute. Araba, Bizkaia eta Nafarroako hainbat talde izango dira, baita Euskal Herritik kanpo etorritakoak ere: Castelloko (Herrialde Katalanak) Ceramicas Onda horien artean. Lasterketa “azkarra” izango dela ere espero dute antolatzaileek.
Laguntasunak bere ordezkariak ere eramango ditu etziko lasterketara, bost denera: Adrian Muriel, Mikel Plaza, Markel Lezertua, Gaizka Castelruiz eta Iker Gurutzealde. “Dena emango dute helburu nagusia lortzeko, proba irabaztea”, adierazi du txirrindulari elkarteak.
Pasa den urtean, Eneko Lizarralde Bergarako Sumofic taldeko txirrindularia izan zen lehena helmuga zeharkatzen. Herriko txirrindularietan, berriz, Urtzi Bagues izan zen onena.
Ibilbidea
Txirrindulariek 70 kilometroko zirkuituari eman beharko diote buelta, eta eskualde osoan zehar ibiliko dira, Errenteria-Orereta, Lezo eta Oiartzundik hainbatetan igaroz. Denboraldiaren hasiera izango dela kontuan izanda, antolatzaileek zehaztu dute ez dela oso ibilbide gogorra izango: “Proba ahalik eta txirrindulari gehienek bukatzea da lehentasuna”.
Lasterketa 16:30ean abiatuko da Nafarroa etorbidetik (Agirre Lehendakaria plazaren parean), eta 18:15ean espero dute helmugara iristea. Irten eta iritsi toki berean egingo dute txirrindulariek, Agirre Lehendakariaren plazan.
Lasterketaren bukaeran sari banaketa egingo dute. Gizonetan lehen hiru sailkatuei emango diete garaikurra, emakumeetan, berriz, txirrindulari onenari. Horrez gain, sariak izango dira ere herriko txirrindulari onenarentzat eta sailkatutako talde onenarentzat.
Antolatzaileek herritar guztiak animatu dituzte lasterketa ikustera joatera, baita herriko taldeari, Laguntasuna, babesa ematera ere.