Elkartasun Korapiloak ekimena, langabeen eskutik
Elkartasun Korapiloak ekimena, langabeen eskutik
Elkartasun Korapiloak ekimena abian jarri berri du Oreretako Langabeen Batzarrak. Ekimenaren helburua, Espainiako Gobernuak PP alderdiaren eskutik bultzatu duen lan erreforma eta murrizketak salatu eta horiei aurre egitea da, “murrizketek, pobrezia areagotu eta eskubideak murriztuko dituztelako”.
Autofinantzazioa lortzea da Elkartasun Korapiloak ekimenaren beste helburua, langabeen batzarreko kideek zehaztu dutenez: “Politiko txotxongilo horiek, enpresariek eta kezkarik gabeko bankariak egiten ari diren gehiegikeri guztiak salatzeko kalera ateratzen jarraitzeko”. Elkartasun Korapiloak ekimenarekin bat egin nahi duten herritarrek, 50 zentimoko diru laguntza eman beharko dute.
Oreretako langabeek, bestalde, ekimena Euskal Herriko beste herri guztietara zein Espainiako Estatuko herrietara zabaltzeko deia egin diete beste langabe plataformei, “ekimenarekin bat egitera animatu nahi ditugu batetik, eta euren esparruan bultzatzera bestetik, Elkartasun Korapiloak ekimena ahalik eta zabalen bihurtzeko”.