XVIII. mendean Caracaseko Gipuzkoar Errege Konpainia sortu zuten Gipuzkoako hainbat jauntxo aberatsen ekimenez. Euren helburua Herbehereek Venezuelarekin zuten komertzio monopolioarekin bukatzea izan zen. Gaur egun zalantzan jarriko lirateken praktikekin —onartu berri duten lan erreformak, hala ere, orduko lan baldintzetara hurbiltzen du—, konpainia oso garrantzitsua bilakatu zen, Venezuelako produktuen monopolioa eduki baitzuen (tartean kakaoarena). Horri esker, Pasaiako portuak (nahiz eta merkantzia Cadizen deskargatzen zuten) eta Donostiako merkatuak loraldia izan zuten, eta burdingintza eta armagintza industriak ere gora egin zuten.

Horrez gainera, urte batzuk beranduago, Euskalerriaren Adiskideen Elkartea sortu zuten konpainia horri bultzada eman zioten batzuk. Ilustrazioaren ideiak bultzatu zituzten Gipuzkoan, lehendabizi, eta Euskal Herriko beste hainbat lurraldetara, ondoren. Orain, kakaoari buruz ilustratzeko asmoarekin, Errenteria-Oreretako Casa Aramendia gozotegiak txokolatearen gaineko tailerra antolatu du.
Zentzumen guztietarako
1898an jarri zuten martxan Casa Aramendia. Ordutik belaunaldiz belaunaldi pasatu dituzte txokolatea egiteko usadioak. Gaia menperatzen dutela argi dago. Orain euren ezagutza hori partekatzeko tailerra jarri dute abian.
Horrela, zentzumen guztien bitartez txokolateaz gozatzen dute tailerrean. «Bere forma, soinu, egitura, usain gozo eta zaporearekin disfrutatzeko aukera eskaintzen du», esan dute Casa Aramendiakoek. Txokolateak eskualdean izan duen historia ezagutzeko aukera ere ematen du tailer horrek. Horrela, Oarsoaldean bete duen papera eta horren jatorria ikasten da tailer horretan.
Dastamenari dagokionez, txokolate dastatze baten bitartez barietateak bereizten ikasten da tailerrean, eta fabrikazio prozesua erakutsiko dute: kakaoa hazten den lurretatik ahoetaraino doana.
Ondoren, trufak eta txokolatezko piruletak egiteko aukera dute tailer horretan. Hori guztia, maisu txokolategile moduan jantzita. Esperientzia horren argazkia atera eta euren webgunean (
www.casa-aramendia.com) jartzen dute.
TOP esperientzia
Casa Aramendiako tailer hori Basquetour Turismoaren Euskal Agentziak TOP esperientzia bezala sailkatu du, eta laster www.turismoa.euskadi.net webgunean jarriko dute informazio guztia.
Bitartean, txokolatearen sekretuak ezagutu nahi dituenak tailerrean izena eman dezake 656 74 83 91 telefono zenbakira deituta edo euren webgunean sartuta.