Itsasotik sukaldera eta sukaldetik mahai gainera, garai batean bezala
Egunero Michelin izardun jatetxeetan bazkaltzeaz aspertuta daudenei, etxe azpiko jatetxe turkiarrak jada asetzen ez dituenei, edo gurasoekin bizi eta amonak sukaldatzen zueneko garaiak faltan botatzen dituztenei neurrira egindako eskaintza egin du Oarsoaldea Garapen Agentziako Turismo Bulegoak: sukaldaritza tradizionalari buruzko tailerra. Donibaneko Ziaboga jatetxean emango dute, eta dagoeneko interesdunek izena eman dezakete. Antolatzaileen esanetan, tailerra egiteko Ziaboga jatetxea aukeratu dute “benetako gastronomia zaleentzako topagune erakargarria” delako. Tailerrean izena ematen duenak “aparteko esperientzia” biziko duela gaineratu dute: “Sukaldeko trebetasunak garatu, profesionalen eskutik produktu freskoen sekretuak ikasi, eta norberak bere eskuekin prestaturiko bankete atseginaz gozatzeko aukera izango dute”. Alex Barcenilla sukaldeburuak zuzenduko du ikastaroa, bere lantalde osoaren laguntzarekin. Sukaldaritza tradizionaleko ikastaroan produktu freskoekin lan egiten trebatzeko aukera emango dute, itsasokoekin batez ere: orburuak, antxoak, hegaluzea… Benetan freskoak diren jakiak nola bereizi, eta horiei sukaldean ahalik eta etekin handiena ateratzen erakutsiko dute. Horretarako, Barcenillak eta bere lantaldeak itsaskiak eta arrainak sukaldatzeko gomendioak emango dizkiete ikasleei. Besteak beste, kokotxak pil-pil erara, txipiroiak bere tintan eta legatza saltsa berdean prestatuko dituzte. Gainera, Juanito Makazaga txipiroi arrantzalearen laguntza izango dute: “Bere arrantzatzeko era erakutsi, eta gure produktu izarraren sekretu guztiak kontatuko ditu Makazagak”. ‘Top Esperientzia’ da Ekimena aurkeztu dutenetan harrera oso ona izan duela adierazi dute Oarsoaldeko [...]
Egunero Michelin izardun jatetxeetan bazkaltzeaz aspertuta daudenei, etxe azpiko jatetxe turkiarrak jada asetzen ez dituenei, edo gurasoekin bizi eta amonak sukaldatzen zueneko garaiak faltan botatzen dituztenei neurrira egindako eskaintza egin du Oarsoaldea Garapen Agentziako Turismo Bulegoak: sukaldaritza tradizionalari buruzko tailerra. Donibaneko Ziaboga jatetxean emango dute, eta dagoeneko interesdunek izena eman dezakete.
Antolatzaileen esanetan, tailerra egiteko Ziaboga jatetxea aukeratu dute “benetako gastronomia zaleentzako topagune erakargarria” delako. Tailerrean izena ematen duenak “aparteko esperientzia” biziko duela gaineratu dute: “Sukaldeko trebetasunak garatu, profesionalen eskutik produktu freskoen sekretuak ikasi, eta norberak bere eskuekin prestaturiko bankete atseginaz gozatzeko aukera izango dute”. Alex Barcenilla sukaldeburuak zuzenduko du ikastaroa, bere lantalde osoaren laguntzarekin.
Sukaldaritza tradizionaleko ikastaroan produktu freskoekin lan egiten trebatzeko aukera emango dute, itsasokoekin batez ere: orburuak, antxoak, hegaluzea… Benetan freskoak diren jakiak nola bereizi, eta horiei sukaldean ahalik eta etekin handiena ateratzen erakutsiko dute. Horretarako, Barcenillak eta bere lantaldeak itsaskiak eta arrainak sukaldatzeko gomendioak emango dizkiete ikasleei. Besteak beste, kokotxak pil-pil erara, txipiroiak bere tintan eta legatza saltsa berdean prestatuko dituzte.
Gainera, Juanito Makazaga txipiroi arrantzalearen laguntza izango dute: “Bere arrantzatzeko era erakutsi, eta gure produktu izarraren sekretu guztiak kontatuko ditu Makazagak”.
‘Top Esperientzia’ da
Ekimena aurkeztu dutenetan harrera oso ona izan duela adierazi dute Oarsoaldeko Turismo Bulegotik. Hala, Basquetour Euskal Turismoaren Agentziak Top esperientzia bezala izendatu du, eta Jaurlaritzako Turismo Sailaren webgunean iragarriko dutela jakinarazi du (www.turismoa.euskadi.net). Bertan, tailerrean izena emateko eman beharreko urratsak, prezioa eta informazio gehigarria ageri dira. Esperientzia gastronomikoez gain, bestelako jarduerak bildu dituzte webgunean, bisitariak “ahaztuko ez dituen esperientziak” ezagutzeko aukera izan dezan: baserriko bizitza, euskal pilota, upeltegiak…
Informazio gehiago nahi duena Oarsoaldeko Turismo Bulegoko teknikariekin harremanetan jar daiteke, telefonoz (943 49 45 21 zenbakira deituta), edo posta elektronikoz.


