Mugikortasun Mahaiak ibilbide berriak aztertu ditu
Garraio zerbitzu berrien gaineko polemika bukatzeko xedearekin, Mugikortasun Mahaiaren beste bilera bat izan zen herenegun, Ficoba erakustazokan. Autobusen ibilbide berriak mahaigaineratu zituen Irungo Udaleko Cristina Laborda Mugikortasun zinegotziak,...
Garraio zerbitzu berrien gaineko polemika bukatzeko xedearekin, Mugikortasun Mahaiaren beste bilera bat izan zen herenegun, Ficoba erakustazokan. Autobusen ibilbide berriak mahaigaineratu zituen Irungo Udaleko Cristina Laborda Mugikortasun zinegotziak, eta han bildutakoekin eztabaidatzeko jarrera irekia agertu zuen.
Bertaratutakoen artean, besteak beste, hondakoak zeuden: alderdi politikoak, auzo elkarteak, hiritar foroa, taxi gidariak eta ezinduen nahiz ekologisten elkarteeko ordezkariak…
Horiek horrela, Irungo Udalak jakinarazi duenez, bertaratutako lagunek hainbat proposamen eta alternatiba mahaigaineratu zituzten. Labordaren esanetan, “iritzi ezberdinak entzuteko aukera eduki genuen, horietako batzuk kontraesankorrak”. Hala ere, “ekarpen guztiak aztertzeko” konpromisoa hartu zuen zinegotziak, “ahalik eta kontsentsurik zabalena” bilatzeko asmoarekin.
“Positiboa”, Bildurentzat
Irungo Bilduk ere iritzia eman du, Oinatz Mitxelenaren bidez, eta “oso positibotzat” jo dute herenegun egindako “demokrazia zuzenaren ariketa”. Izan ere, egindako proposamen kopuruak, “bileraren beharra frogatu du”.
Era berean, “udal gobernuak urtarrileko osoko bilkuran bozkatu nahi zuen proiektuak zer nolako errefus maila lortu zuen” agerian gelditu da Bildurentzat.
Hortaz, Irungo Udalak, “proposamen berri bat aurkezteko eta foru aldundiarekin proposamena adosteko” konpromisoa hartu du. Ondoren bilduko da berriro mahaia.