Erraustegiaren moratoriaren alde dagoela berretsi du Udalbatzak
Sozialistek mozioa aurkeztu dute, baina ez da atera; ume lapurtuei buruzkoa onartu dute, hau ere sozialistena Pasaiako Udalak errauste plantaren moratoriaren aldeko jarrera berretsi zuen herenegun Antxoko Kultur Etxean egindako osoko bilkuran. PSE-EEk zabor bilketaren gaineko mozioa aurkeztu zuen, Amaia Agirregabiria alkateak San Markos Mankomunitatean atez ateko bilketaren alde egin izana salatzeko. Izaskun Gomezek aurkeztu zuen mozioa; bere ustez, “atez atekoa bosgarren edukiontzia baino zikinagoa da, hogei urteko atzerapausua ekarri eta hiritarrentzako gainkostua suposatuko luke”. Horregatik guztiagatik, udal gobernuari “arduragabeki” jokatzea leporatu zion Gomezek, eta Gipuzkoak erraustegia behar duela adierazi zuen: “Laster Bizkaiak ez ditu zabor gehiago jasoko, elkartasunaren iturria moztuko du, Gipuzkoak adostutakoa betetzen ez duela ikusita”. Bi taldek bozkatu zuten mozioaren alde, testua aurkeztu zuen talde sozialistak, eta jeltzaleak. EAJko Nahikari Oterminen ustez, gizarteari “birziklatzeko konpromisoa” irakatsi behar zaio, sortzen den zaborra gutxiago izateko. Atez atekoari buruz eman dituzten datu batzuk “miraria” diruditela gehitu zuen Oterminek. Mozioa ez zen aurrera atera, gehiengoa duten Bilduk eta Ezker Batuak kontra egin zutelako. Udal gobernuaren izenean Bilduko Oihane Oronozek hondakinen bilketa sailkatuaren aldeko jarrera berretsi zuen, eta urriko udalbatzarrean errauste plantaren moratoriaren alde bozkatu zuela gogoratu zien sozialistei. “Gure erabakia argia da, zaborra ‘0’ izatea”, esan eta bilketa sailkatuarekin birziklatzea handitzen [...]
Sozialistek mozioa aurkeztu dute, baina ez da atera; ume lapurtuei buruzkoa onartu dute, hau ere sozialistena
Pasaiako Udalak errauste plantaren moratoriaren aldeko jarrera berretsi zuen herenegun Antxoko Kultur Etxean egindako osoko bilkuran. PSE-EEk zabor bilketaren gaineko mozioa aurkeztu zuen, Amaia Agirregabiria alkateak San Markos Mankomunitatean atez ateko bilketaren alde egin izana salatzeko. Izaskun Gomezek aurkeztu zuen mozioa; bere ustez, “atez atekoa bosgarren edukiontzia baino zikinagoa da, hogei urteko atzerapausua ekarri eta hiritarrentzako gainkostua suposatuko luke”.
Horregatik guztiagatik, udal gobernuari “arduragabeki” jokatzea leporatu zion Gomezek, eta Gipuzkoak erraustegia behar duela adierazi zuen: “Laster Bizkaiak ez ditu zabor gehiago jasoko, elkartasunaren iturria moztuko du, Gipuzkoak adostutakoa betetzen ez duela ikusita”.
Bi taldek bozkatu zuten mozioaren alde, testua aurkeztu zuen talde sozialistak, eta jeltzaleak. EAJko Nahikari Oterminen ustez, gizarteari “birziklatzeko konpromisoa” irakatsi behar zaio, sortzen den zaborra gutxiago izateko. Atez atekoari buruz eman dituzten datu batzuk “miraria” diruditela gehitu zuen Oterminek.
Mozioa ez zen aurrera atera, gehiengoa duten Bilduk eta Ezker Batuak kontra egin zutelako. Udal gobernuaren izenean Bilduko Oihane Oronozek hondakinen bilketa sailkatuaren aldeko jarrera berretsi zuen, eta urriko udalbatzarrean errauste plantaren moratoriaren alde bozkatu zuela gogoratu zien sozialistei. “Gure erabakia argia da, zaborra ‘0’ izatea”, esan eta bilketa sailkatuarekin birziklatzea handitzen dela gaineratu zuen Bilduko hautetsiak.
Ezker Batuak ere kontra bozkatu zuen. Xabier Pomboren arabera bi modu daude gaia lantzeko, sortutako zaborrengatik ardurarik ez izatea, edo arduradun izatea: “Errauste plantaren alde daudenek lehena aukeratzen dute, ez dute sortzen dituzten zaborrekin arduratu nahi”. Pombok udal gobernuari eskatu zion erabakia herritarren esku uzteko: “Unea iritsi da herritarrek hitz egin dezaten”.
PPko David Fernandezek, bere aldetik, udal gobernuari eskatu zion herritarrak ez beldurtzeko, eta “argi eta garbi” esateko “ezagutzen dugun atez atekoa” ez dutela Pasaian ezarriko.
Ume lapurtuen auziaz
Astearteko osoko bilkurak ume lapurtuei buruzko mozioa onartu zuen. Talde sozialistak gaiaren gaineko mozioa aurkeztu zuen, eta, udalak gai beraren inguruko adiezpen instituzonala egiteko asmoa zuen arren, talde guztiak bat etorri ziren sozialisten testua adierazpena baino osoagoa zela. Hala, adierazpena alde batera utzi, eta mozioa onartu zuten, ordezkari guztien aldeko bozkarekin.
Onartutako testuak aldundiari, Jaurlaritzari, eta Espainiako Gobernuari eskaria egiten die, “egia ezagutzeko eskubidearen alde beren esku dagoen guztia” egin dezaten. Lore Suarez PSE-EEren bozeramaileak gogoratu zuen Gipuzkoa dela kasu gehien dituen lurraldeetako bat. Pasaiako Udalbatzak onartutako mozioaren bitartez, gaiaren gaineko ikerketa batzorde bat sortzeko eskatu zion aldundiari.
Beste zenbait mozio
Beste bi mozio onartu zituzten osoko bilkuran. Ezker Batuak aurkeztu zuen horietako bat, Garoñako zentral nuklearraren itxiera eskatuz; PPk kontra bozkatu zuen eta beste denek alde. Beste bat Bilduk aurkeztutakoa zen, sektore publikoaren aldekoa eta Madrilen prestatzen ari diren erreformen kontrakoa; Bilduk eta Ezker Batuak alde egin zuten, PPk eta PSEk kontra, eta EAJko zinegotziak abstenitu egin ziren.
Eta, joan den astean Oiartzunen eta herenegun Errenteria-Oreretan egin zuten bezala, Gipuzkoako azpiegitura obra handiei buruzko mozioa onartu zuten plenoan. Hainbat eragilek aurkeztutako testua zen, alkateak bere egin zuena. Beste gauzen artean, “garapen eredua aldatzeko mobilizatzeko beharra” aipatzen zuen mozioak. Bilduren eta Ezker Batuaren botoei esker mozioa onartu zuten; gainontzeko alderdiek kontra bozkatu zuten.

