Aurrekontuen ia %19 Zerbitzuen Sailerako izango da
Hondarribiko Udaleko Zerbitzuen departamentuak 3.409.214 euroko aurrekontua aurkeztu du 2012. urterako. Juan Mari Altunak, Zerbitzuetako zinegotziak, egin zuen aurkezpena herenegun udalak Txiplauko industrialdean brigadarentzat duen lokalean. Zerbitz...
Hondarribiko Udaleko Zerbitzuen departamentuak 3.409.214 euroko aurrekontua aurkeztu du 2012. urterako. Juan Mari Altunak, Zerbitzuetako zinegotziak, egin zuen aurkezpena herenegun udalak Txiplauko industrialdean brigadarentzat duen lokalean. Zerbitzuen aurrekontua, udal aurrekontu osoaren %19,71 da.
Altunaren arabera, kontuan izan behar da zein testuingurutan egin diren 2012ko aurrekontuak: «Diru sarrerak txikitzen ari dira. Udalaren egonkortasun ekonomikoa bermatu eta zerbitzuen kalitateari eutsi nahi diogu. Horretarako udal zerbitzuen funtzionamendua aztertu behar dugu poliki eta sakonki. Helburu nagusia da udal kontuen egonkortasun ekonomikoa bermatzea, kontuan izanik ematen dituen zerbitzuen kalitateari eutsi behar diogula». Onartutako aurrekontuak zenbait murrizketa izan arren, «muturreko neurrietara» ez dela jo behar esan zuen Altunak. Dena den, lanean jarraitzeko apustua egin zuen, «etorkizuneko ekitaldietako aurrekontuak gaur egungo egoerara egokitzeko».
3,4 milioiko aurrekontua
Inbertsioan, 3,4 milioi horietatik milioi bat obra eta zerbitzuetarako prestatu dituzte, eta 927.000 euro zabor bilketa eta garbiketarako, 617 argiteria publikorako, 553.000 parke eta lorategietarako, 202.900 hondartzarako eta 104.600 hilerrirako.
Inbertsioei dagokienez, hainbat lan zehaztu dituzte, eta besteak beste, Zezen Plazako argiteria hobetzeko 80.000 euro aurreikusi dituzte. Santa Maria ateaurrearen inguruko argiteria ere berrituko dute, eta lan horiek egiteko 25.000 euroko aurrekontua jarri dute. Zezen Plaza eta Puntaleko haur parkeetan hobekuntzak egiteko beste 36.200 euro prestatu dituzte aurrekontuan.

