Ume lapurtuei buruzko mozioa aho batez onartu dute udalbatzarrean
Zazpi mozio zituzten eztabaidatzeko zinegotziek herenegun arratsaldeko ohiko udalbatzarrean. Mozioetako bat PSE-EEk ume lapurtuen gainean aurkeztutakoa izan zen. Talde guztiek eman zioten babesa, eta aho batez onartu zuten. Gipuzkoan emandako ustezko ume lapurtuen kasuak eta legez kanpoko adopzioak argitzeko bitarteko guztiak jartzeko eskatzen zioten Eusko Jaurlaritzari, Gipuzkoako Foru Aldundiari eta Espainiako Gobernuari mozio horretan. Hasierako testuari, ordea, aldaketa batzuk egin zizkioten, eta Errenteria-Oreretan agertu den ume lapurtu kasu baten aipamena gaineratu zioten: Galdos familiarena. Horrez gain, ikerketa batzordearen ordez jarraipen batzordea osatzea proposatu zuten. Mozio guztiak aurrera atera ziren bat izan ezik: Bilduk eta Errenteriako Ezkerrak Gipuzkoako azpiegitura handiak geldiarazteko aurkeztu zutena. Oposizioko talde guztiek baztertu zuten. AHTren kontrako taldearen ekimenez aurkeztu zuten mozioa, eta hain zuzen, taldeko kideek hitza hartu zuten. Otsailaren 4ean Pasaiako kanpo kaiaren, AHTren, Hondarribiko aireportuaren eta errauste plantaren kontra egingo den manifestazioari babesa emateko eskatu zioten udalari, baita gizarte eztabaida bat sortzeko konpromisoa hartzea ere. Azpiegitura eta obrak gelditzeko eskaera ere egin zuten, batik bat egungo testuinguru ekonomiko soziala kontuan izanda. Gai horren gainean eztabaida sortu zen Juan Carlos Merino PSE-EEko bozeramaile eta Luisma Diez Bilduko kidearen artean. Merinoren arabera, azpiegitura horien gaineko eztabaida gehiegi luzatzen ari da, eta garaia da ekintzetara pasatzeko. Diezek erantzun [...]
Zazpi mozio zituzten eztabaidatzeko zinegotziek herenegun arratsaldeko ohiko udalbatzarrean. Mozioetako bat PSE-EEk ume lapurtuen gainean aurkeztutakoa izan zen. Talde guztiek eman zioten babesa, eta aho batez onartu zuten.
Gipuzkoan emandako ustezko ume lapurtuen kasuak eta legez kanpoko adopzioak argitzeko bitarteko guztiak jartzeko eskatzen zioten Eusko Jaurlaritzari, Gipuzkoako Foru Aldundiari eta Espainiako Gobernuari mozio horretan. Hasierako testuari, ordea, aldaketa batzuk egin zizkioten, eta Errenteria-Oreretan agertu den ume lapurtu kasu baten aipamena gaineratu zioten: Galdos familiarena. Horrez gain, ikerketa batzordearen ordez jarraipen batzordea osatzea proposatu zuten.
Mozio guztiak aurrera atera ziren bat izan ezik: Bilduk eta Errenteriako Ezkerrak Gipuzkoako azpiegitura handiak geldiarazteko aurkeztu zutena. Oposizioko talde guztiek baztertu zuten. AHTren kontrako taldearen ekimenez aurkeztu zuten mozioa, eta hain zuzen, taldeko kideek hitza hartu zuten. Otsailaren 4ean Pasaiako kanpo kaiaren, AHTren, Hondarribiko aireportuaren eta errauste plantaren kontra egingo den manifestazioari babesa emateko eskatu zioten udalari, baita gizarte eztabaida bat sortzeko konpromisoa hartzea ere. Azpiegitura eta obrak gelditzeko eskaera ere egin zuten, batik bat egungo testuinguru ekonomiko soziala kontuan izanda.
Gai horren gainean eztabaida sortu zen Juan Carlos Merino PSE-EEko bozeramaile eta Luisma Diez Bilduko kidearen artean. Merinoren arabera, azpiegitura horien gaineko eztabaida gehiegi luzatzen ari da, eta garaia da ekintzetara pasatzeko. Diezek erantzun zion ez zaiola beldurrik izan behar eztabaidari; alderantziz, azpiegitura handiak martxan jarri aurretik “eztabaida sozial zabala” egin behar dela, batik bat “baliabideak urriak diren garai honetan”.
Bi mozio, aho batez
Beste mozioei dagokienez, bi aho batez onartu zituzten: PSE-EEk Foru Funtsa Finantzantzeko aurreikusitako likidazio negatiboa itzultzeari buruz proposatutakoa, eta udal talde guztiek amiantoaren biktimei buruz aurkeztutakoa.
Likidazio negatiboa itzultzearen gainean, Julen Mendoza alkateak nabarmendu zuen adostasunera iritsi arren, “arduragabekeria” dela hori mahai gainean jartzea: “Atzetik datorren gai bat da. Bere garaian prebisio ezegokiak egin ziren”.
Amiantoari dagokionez, Eusko Jaurlaritzari neurriak hartzeko eskatu zioten, gaixotasun berriak detektatzeko protokolo bat martxan jartzeko, eta biktimentzako konpentsazio funts bat sortzeko. Jose Manuel Ferradas Errenteriako Ezkerrako bozeramaileak Angel Robles herritarraren kasua ere gogorarazi zuen: “Amiantoaren eraginez hil den 155 pertsonetako bat da”. Kopuru hori hiru aldiz biderka daitekeela ere gaineratu zuen.
Udal gobernu taldeak Santa Maria de Garoña zentral nuklearra ixteko egin zuen eskaerak ere talde guztien babesa lortu zuen, eta EAJren lau ekarpen ere batu zizkioten. PP izan zen proposamena babestu ez zuen talde bakarra: abstenitu egin baitzen aurkeztu zen zinegotzi bakarra —bestea falta zen—.
PSE-EEk aurkeztutako atez ateko sistema baztertzeko mozioa gehiengoaren bozekin atera zen aurrera, EAJk eta PPk babestu zutelako. Bilduk eta Errenteriako Ezkerrak, berriz, kontra bozkatu zuten. Kontrako botoa arrazoitzeko Bilduk adierazi zuen “erabilera politiko bat” egon dela “mozioan agertzen den argumentazio osoan”. Hala ere, zaborraren gainean “lehenbailehen” hausnarketa prozesu bat martxan jarri behar dela esan zuen.
Azkeneko mozio bat, Kutxabankeko ordezkaritzaren gainekoa, aurrera atera zen Bildu eta PSE-EEren babesarekin, eta EAJ eta PPk kontra bozkatu zuten. Errenteriako Ezkerra abstenitu egin zen.
Beste proposamen bat ere jarri zituzten mahai gainean: Ingurumen Aholku Kontseiluaren Udal Araudiaren hasierako onespena eta garraio publikoko tarifak ezartzeko lankidetzarako protokolo orokorraren onespena. Biak aho batez onartu zituzten.

