Judoak beteko du Bekoerrota datozen bi hilabetetako asteburuetan
Goi mailako judoa izango da astebururo hil honetan eta hurrengoan Bekoerrota kiroldegian. Izan ere, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa mailako txapelketak egingo dituzte Lezoko kantxan. Allerru judo taldeak jakinarazi duenez, maila guztietako txapelketak egin...
Goi mailako judoa izango da astebururo hil honetan eta hurrengoan Bekoerrota kiroldegian. Izan ere, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa mailako txapelketak egingo dituzte Lezoko kantxan. Allerru judo taldeak jakinarazi duenez, maila guztietako txapelketak egingo dituzte kiroldegian. Federatuak dauden judoka gazteenetatik hasiko dira, 23 urtez azpiko kategoriaraino.
Beñardo Cazorla judo taldeko arduradunak adierazi duenez, txapelketa horiek guztiak Espainiako Estatuko Txapelketarako baliagarri izango dira.
Federatuen lehiez gain, eskola arteko lehiaketak egingo dituzte, baita haurren erakustaldiak ere.
Judoa bultzatzeko asmoz
Cazorlak adierazi duenez, “ekimen erraldoi” horrekin judoa bultzatu nahi dute herrian, baita ezagutzera eman ere. “Judoan lorpen asko, baita nazioartekoak ere, izan dituzte herri honetako kirolariek. Horregatik egin nahi dugu astebururo, jendearengana hurbiltzeko”, esan du Cazorlak.
Jakinarazi duenez, nazioarteko txapelketetan dominak lortu dituzten kirolariek hartuko dute parte asteburu horietan.
Eskerrak eman dizkie Allerru judo taldeak txapelketa horiek antolatzen lagundu dieten erakundeei: Lurralde eta Herrialdeko federazioei, eta Lezoko Udalari. “Arkaitz Angiozar kirol teknikaria eta Luis Garrido zinegotzia zoriondu nahi ditugu, elkarlanean aritzeagatik”, esan du.

