Ume lapurtuen gaineko mozioa aztertuko dute gaur
Ume lapurtuen gaineko mozioa aztertuko du udalbatzak gaur
Udalbatzak ohiko osoko bilkura egingo du gaur arratsaldean, 18:30etik aurrera. Hamabi puntu izango ditu guztira eta tartean, PSE-EEk ume lapurtuen gainean aurkeztutako mozioa aztertuko dute.
Gipuzkoan emandako ustezko ume lapurtuen kasuak eta legez kanpoko adopzioak argitzeko bitarteko guztiak jartzeko eskatuko dio PSE-EEk mozio horretan Eusko Jaurlaritzari, Gipuzkoako Foru Aldundiari eta Espainiako Gobernuari. “Egia jakiteko eskubidea dute eta hori da bermatu behar dena”, azaldu du alderdi sozialistako bozeramaile Juan Carlos Merinok.
Halaber, dauden salaketak ikertu ahal izateko, erakundeei ikerketa batzordea sortzeko eskaera egin dezala galdegingo dio Errenteriako Udalbatzari PSE-EEk.
Erietxeen laguntza
Ume lapurtuen auziarekin zerikusia izan duten erietxe publiko eta pribatuen, zein Donostiako apezpikutzaren laguntza ezinbestekoa dela iritzi diote alderdi sozialistatik: “Horien laguntza garrantzitsua da informazioa eta beharrezko txostenak eskuratzeko”.
Ume lapurtuen gaineko salaketak “oso larriak” direla gaineratu du Merinok, eta guztira, Araba, Gipuzkoa eta Bizkaian 400 salaketa baino gehiago jarri dituztela jakinarazi. Gertakari horiek “lazgarriak” direla gaineratu du alderdi sozialistako bozeramaileak, eta Gipuzkoa “kaltetu gehien dituen lurraldea” dela zehaztuta, udalbatzarreko gainontzeko alderdiak mozioa babestera deitu ditu.
Udalbatzak gaur aztertuko duen ume lapurtuen gaineko mozioak sei puntu dituela zehaztu du PSE-EEko bozeramaileak, zeintzuk diren jakinarazi ez badu ere.
Azpiegitura lan handiak
Gipuzkoan azpiegitura lan handiak gelditzearen aldeko mozioa ere aztertuko du Udalbatzak. Abiadura Handiko Trena, errauste planta, kanpo kaia, eta Hondarribiko aireportuaren hedapena Gipuzkoaren etorkizuna bermatzeko “ezinbesteko” elementutzat jarri dituztela salatu du mozio horretan AHTren aurkako taldeak.
Egungo garapen eredua aldatzea “funtsezkoa” dela eta horren aurrean inoiz egin ez den “gizarte eztabaida” burutzea ere proposatu dute mozioan.
Bi puntu ditu mozioak guztira. Lehenik, otsailaren 4an Donostian 17:30etik aurrera Gipuzkoa desberdin baten alde, eredua aldatu: Azpiegitura lan handiak gelditu leloarekin hainbat herri mugimenduk deitu duten manifestazioarekin bat egiteko eskatuko diote Udalbatzari; bigarrenik, herritarrak informatu, eztabaida guneak zabaldu, eta hitza emateko bere esku dagoen guztia egiteko konpromisoa eskatuko dio.
Bi mozio horiekin batera, beste bost aztertuko ditu Udalbatzak gaurko saioan. Tartean, atez ateko sistemaren gainean PSE-EEk aurkeztutakoa; Garoñako zentral nuklearra ixteari buruz Errenteriako Ezkerrak eta Bildu koalizioak aurkeztutakoa; eta amiantoaren gaiaren gainekoa, ordezkaritza duten alderdi guztiek aurkeztutako mozioa.

