Herrera Herrira: “Portuko ingurumen txostena ez dute hirigintza errealitatea kontuan hartuta sortu”
Herrera Herrirak, beste hainbat taldek eta eragilek bezala, Pasaiako Portuaren Plan Zuzendariaren Ingurumen Txostenari alegazioak aurkeztu dizkio. Alegazio horien mamia da txosten hori egiterakoan Portuak ez dituela herritarren iritziak kontuan hartu, ...
Herrera Herrirak, beste hainbat taldek eta eragilek bezala, Pasaiako Portuaren Plan Zuzendariaren Ingurumen Txostenari alegazioak aurkeztu dizkio. Alegazio horien mamia da txosten hori egiterakoan Portuak ez dituela herritarren iritziak kontuan hartu, beraz, plataformakoen ustez, txosten hori ez dute “Pasaiako hirigintzaren errealitatea kontuan hartuta sortu”.
Plataformaren arabera, txostena kanpo kaia egitera eta Masterplana egitera bideratuta dago. Hala, Masterplana, Herrera Herrirak Kaiko Herrerarako egin zuen antolaketa proposamenarekin alderatuz bateraezina dela uste dute, badia biziberritzeko ereduari dagokionez: “Inbertsiogileentzako onura ekonomikoak emango dituen biziberritzea nahi dute, horiek publikoak edo pribatuak izan”.
Herrera Herriak esan du jada badiaren zati bat biziberritzeko proposamena egin dutela —Pasaiako Udalak bere egin zuen—, eta proposamen hori herritarren parte hartzearekin eta euren ekarpenekin osatu zela: “Masterplana baina osoagoa da”. Horrez gain, herritarren proposamen hori txostenean kontuan ez dutela hartu salatu du plataformak: “Txostenean ez da inon agertzen plataforma hau existitzen denik, ez gure eskaerak nahiz proposamenak. 100 lagunek parte hartu zuten Herrerarako ordenazio proposamena lantzen, eta 6.000 herritarren babesa lortu du sinadura bidez. Herritarren bizkarrera egin dute txosten hori”.