Portuaren ingurumen jasangarritasunari egindako alegazioak onartu ditu Udalbatzak
Atzo arratsean plenoa egin zuen Lezoko Udalbatzak. Zinegotzi berri bat du, gainera. Miren Tarragonak hartuko du Lucia Aranbururen tokia Bilduren udal taldean. Besteak beste, Pasaiako Portuaren ingurumen txostenari gobernu taldeak egindako alegazioak onartu zituzten, Bilduren eta EAJren aldeko botoarekin. EAJk bere aldeko botoa argudiatzerakoan zehaztu zuen kai berriaren alde zeudela, “baina borondate onarekin egindako 23 alegazio horiek aurretik dagoena hobetzeko direla, beraz alde bozkatuko dugu”. PSE-EEk, aldiz, kontrako botoa eman zuen, kanpo kaia ona delakoan eta badiaren birgaitzea eta kaia bertan mantentzea “bateraezinak” direlako. Iazko lanpostuen zerrendan aldaketak ere aztertu zituzten. Hala, Musika Eskolako langileek egindako berraztertzeak ez onartzea erabaki zuten Bildukoek. Beste alderdiek horren kontra bozkatu zuten. Mikel Antxon Arrizabalaga sozialistak musika eskolako langileei buruz galdetu zuen, eta Ainhoa Zabalo alkateak irailaren 2tik ari direla eskatutako bilerari itxoiten erantzun zion. Mikel Arruti zinegotziak Kultura arloan dedikazio esklusiboa eduki dezan alde bozkatu zuen Bilduk, eta besteek kontra. EAJko Kepa Garbizuk gogorarazi zuen “lehenengo aldia” dela Kultura zinegotziak dedikazio esklusiboa izango duela. Alkateak, baina, esan zion Hirigintza Saileko zinegotziak kobratzen ez zuela, “ez zuek agintean zeundetenean bezala”. PSE-EEko ordezkariaren esanetan, 13 zinegotzietatik hiruk dedikazioren bat izatea “gehiegizkoa” da. Arruti bera Udalbiltzan Lezoko Udaleko ordezkaria izatearen alde bozkatu zuten bere taldekideek. EAJko [...]
Atzo arratsean plenoa egin zuen Lezoko Udalbatzak. Zinegotzi berri bat du, gainera. Miren Tarragonak hartuko du Lucia Aranbururen tokia Bilduren udal taldean. Besteak beste, Pasaiako Portuaren ingurumen txostenari gobernu taldeak egindako alegazioak onartu zituzten, Bilduren eta EAJren aldeko botoarekin. EAJk bere aldeko botoa argudiatzerakoan zehaztu zuen kai berriaren alde zeudela, “baina borondate onarekin egindako 23 alegazio horiek aurretik dagoena hobetzeko direla, beraz alde bozkatuko dugu”. PSE-EEk, aldiz, kontrako botoa eman zuen, kanpo kaia ona delakoan eta badiaren birgaitzea eta kaia bertan mantentzea “bateraezinak” direlako.
Iazko lanpostuen zerrendan aldaketak ere aztertu zituzten. Hala, Musika Eskolako langileek egindako berraztertzeak ez onartzea erabaki zuten Bildukoek. Beste alderdiek horren kontra bozkatu zuten. Mikel Antxon Arrizabalaga sozialistak musika eskolako langileei buruz galdetu zuen, eta Ainhoa Zabalo alkateak irailaren 2tik ari direla eskatutako bilerari itxoiten erantzun zion.
Mikel Arruti zinegotziak Kultura arloan dedikazio esklusiboa eduki dezan alde bozkatu zuen Bilduk, eta besteek kontra. EAJko Kepa Garbizuk gogorarazi zuen “lehenengo aldia” dela Kultura zinegotziak dedikazio esklusiboa izango duela. Alkateak, baina, esan zion Hirigintza Saileko zinegotziak kobratzen ez zuela, “ez zuek agintean zeundetenean bezala”. PSE-EEko ordezkariaren esanetan, 13 zinegotzietatik hiruk dedikazioren bat izatea “gehiegizkoa” da. Arruti bera Udalbiltzan Lezoko Udaleko ordezkaria izatearen alde bozkatu zuten bere taldekideek. EAJko kideek eurak ez ordezkatzeko eskatu zuten, eta Arrizabalagak erakunde horrek “Euskal Herri osoko ordezkaritza bere gain hartu” nahi duela salatu zuen.
Bilduk eta EAJk euren botoak batu zituzten etxeko laguntza zerbitzuaren araudiaren aldaketa onartzeko. Hala ere, jeltzaleek zehaztasun gehiago eskatu zuten araudian.
Mozio ugari mahai gainean
Atzoko gai zerrendan zazpi mozio eta adierazpen instituzional bat zeuden. Hala ere, beste bi mozio gehiago aurkeztu zituzten. Herritarrek bi mozio aurkeztu zituzten. Tibeten askatasunaren aldekoa izan zen lehenengoa. Horrela, Phagma Drolma elkarteko bi kidek euren lana azaldu zuten, eta Gipuzkoako beste hainbat udalerritan bezala, martxoaren 10ean modu sinbolikoan udaletxean Tibeteko bandera eskegitzeko eskatu zuten. Egun horretan tibetarren altxamendua ospatzen dute. Aho batez onartu zuten proposamena. Gipuzkoako azpiegitura handien gelditzea aurkeztu zuten herritarrak ez ziren plenoan azaldu; beste baterako utziko dute.
Bilduk gai berarekin beste mozio bat aurkeztu zuen. Beharrezkoak ez diren azpiegituren gelditzea eskatu zuten, “dirua alferrik ez gastatzeko”. Beste bi alderdietako kideek aurka bozkatu zuten. Ordezkari sozialistak, berriz, zabor bilketaren gainekoa aurkeztu zuen. Horrela, gobernu taldeak atez ateko bilketa jarri nahi duela salatu zuen, eta “ezkutuan ibiltzea” leporatu zien. Ainhoa Intxaurrandieta zinegotziak (San Marko Mankomunitateko presidente ere bada) erantzun zion ez dagoela erabakirik hartuta, eta hartzekotan, Udalbatzak egingo zuela. Gainera, Arrizabalagari galdetu zion ea zergatik den zikinagoa atez atekoa egungo sistema baino. Horrez gain, birziklatzea handitzen dela nabarmendu zuen: “Zergatik geratuko gara %36an %85 birzikla badaiteke?”. Sozialistek beste mozio bat aurkeztu zuten, Foru Funtsaren itzulketaren gainekoa. Ez zen aurrera atera, Bilduk kontra bozkatu baitzuen.
Kutxabanken zuzendaritzaren osaketarekin mozio bana aurkeztu zuten taldeek, baina PSE-EEk berea erretiratu zuen eta Bildurenaren alde bozkatu. Osaketa egin den modua kritikatzen dute. Bestalde, aho batez, Gipuzkoako Batzar Nagusiek haur lapurtuen gaineko adierazpenarekin bat egin zuten. Azkenik, Bilduk sektore publikoaren aldeko mozioa babestu zuen.