KAEk urteko lehen bilerak egingo ditu bihar Trintxerpen
Kantauriko Arraun Elkarteak (KAE) urteko lehen bi bilerak egingo ditu bihar, larunbata, Trintxerpen duen egoitzan. Lehen hitzorduan 2012an KAE osatuko duten bazkideen zerrenda zehatuko dute, eta, bigarrenean, denboraldiko multzoen banaketa adostuko dut...
Kantauriko Arraun Elkarteak (KAE) urteko lehen bi bilerak egingo ditu bihar, larunbata, Trintxerpen duen egoitzan. Lehen hitzorduan 2012an KAE osatuko duten bazkideen zerrenda zehatuko dute, eta, bigarrenean, denboraldiko multzoen banaketa adostuko dute.
10:00etan deitu dituzte bazkideen arduradunak lehen bilerarako (10:30ean bigarren deialdian). Iazko bazkideek hartuko dute parte. Lehenik, azken bilerako akta, 2011 urteko kontuak eta Zuzendari Batzordearen kudeaketa onartuko dituzte.
Ondoren, KAE utziko duten bazkideen eta bazkide berrien onarpena izango da. Hiru dira elkartea utziko duten arraun elkarteak, bi San Miguel Ligan ariko direlako (Portugalete eta Zierbena), eta beste bat, hala eskatu duelako (Lutxana). Bi dira, berriz, KAEko bazkide izatea eskatu duten talde berriak: Castro eta Santander. Gainera, Oriok bi ontziekin parte hartzeko eskaera egin du, orain arte Donostiarrak egin izan duen bezala.
Bukatzeko, KAEko diruzain berria izendatuko dute.
Bigarren bilera, jarraian
Lehen bilera amaitu eta segituan egingo dute bigarrena. Denboraldian lehiatuko diren taldeak zein multzoetan ariko diren zehazteaz gain, bazkideek ordaindu beharreko kuotak eta aurkeztu beharreko bermeak erabakiko dituzte, besteak beste.