Esne makina ez ezik, esneki ekologikoen makina ere badago Errenterian
Ikusmina zegoen atzo eguerdian Niessen merkataritza zentroaren atarian. Herritar andana bildu zen zerbaiten zain. Ilaratxoa eta guzti osatu zen. Azkenean heldu zen garaia: ireki zuten esneki ekologikoen makina. Dirua sartu eta zuzenean behi nahiz ardi esnea, esne gordina, jogurtak eta gatzagia har zitzaketen, guztiak ekologikoak. Hemendik aurrera, beraz, esne makinaren ondoan, esneki ekologikoena ere izango da. Harrera ona izan zuen makinak. Erabiltzaileak gustura agertu ziren. Ondoan, gainera, esneki ekologiko horiek dastatzeko postua jarri zuten. Ahora eraman, eta “ze goxoa” izan zen gehien errepikatu zuten esaldia. Behemendi nekazaritza elkartea eta esnekien ekoizleak, pozik zeuden. Gipuzkoan ireki duten bigarren makina da, Hernanikoaren ostean. Hango makina ere ekoizle berberek hornitzen dute; alegia, Altzo (Berakoetxe baserria), Hernani (Telleri Zahar baserria) eta Anoetako (Sarobe baserria) produktoreek. Astebete darama martxan, eta egunean bizpahiru aldiz bete behar izaten dutela jakinarazi dute. “Jendea oso gustura dago, eta ilusioa daukate produktu ekologikoak direlako eta ez dagoelako aukerarik halakoak erosteko”, adierazi zuen Ramon Legartza Telleri Zaharrekoak. Lehenengo eguneko arrakastak, ordea, ez du uste luzaroan iraungo duenik, “jaitsiko da pixka bat”. Hala ere, jendearen babesa ikusita eskaera mantenduko dutelakoan dago. Behemendi eta udalaren asmoa produktu horien salmenta zuzena bultzatu eta zabaltzea dela esan zuen Mikel Zendoia Behemendiko teknikariak. Jose Manuel Ferradas [...]
Ikusmina zegoen atzo eguerdian Niessen merkataritza zentroaren atarian. Herritar andana bildu zen zerbaiten zain. Ilaratxoa eta guzti osatu zen. Azkenean heldu zen garaia: ireki zuten esneki ekologikoen makina. Dirua sartu eta zuzenean behi nahiz ardi esnea, esne gordina, jogurtak eta gatzagia har zitzaketen, guztiak ekologikoak. Hemendik aurrera, beraz, esne makinaren ondoan, esneki ekologikoena ere izango da.
Harrera ona izan zuen makinak. Erabiltzaileak gustura agertu ziren. Ondoan, gainera, esneki ekologiko horiek dastatzeko postua jarri zuten. Ahora eraman, eta “ze goxoa” izan zen gehien errepikatu zuten esaldia.
Behemendi nekazaritza elkartea eta esnekien ekoizleak, pozik zeuden. Gipuzkoan ireki duten bigarren makina da, Hernanikoaren ostean. Hango makina ere ekoizle berberek hornitzen dute; alegia, Altzo (Berakoetxe baserria), Hernani (Telleri Zahar baserria) eta Anoetako (Sarobe baserria) produktoreek. Astebete darama martxan, eta egunean bizpahiru aldiz bete behar izaten dutela jakinarazi dute. “Jendea oso gustura dago, eta ilusioa daukate produktu ekologikoak direlako eta ez dagoelako aukerarik halakoak erosteko”, adierazi zuen Ramon Legartza Telleri Zaharrekoak.
Lehenengo eguneko arrakastak, ordea, ez du uste luzaroan iraungo duenik, “jaitsiko da pixka bat”. Hala ere, jendearen babesa ikusita eskaera mantenduko dutelakoan dago.
Behemendi eta udalaren asmoa produktu horien salmenta zuzena bultzatu eta zabaltzea dela esan zuen Mikel Zendoia Behemendiko teknikariak. Jose Manuel Ferradas Ingurumen zinegotziak sektorea gaizki pasatzen ari dela azaldu zuen, eta horregatik, erakundeek babestu behar dituztela, baita Errenteriako Udalak ere: “Landa gunea garatzeko konpromisoaren beste adierazpen bat izan da”, gaineratu zuen.

