Literatura solasaldiak hasiko dira berriro otsailetik aurrera
Udazkenean hasitako egitasmoarekin jarraituz, otsailean, martxoan, apirilean eta maiatzean ere literatur solasaldiak egingo dituzte. Otsailaren 7ean hasiko dira berriro solasaldiekin, eta Lluis Maria Todoren El mal francés liburuari buruz ariko dira. ...
Udazkenean hasitako egitasmoarekin jarraituz, otsailean, martxoan, apirilean eta maiatzean ere literatur solasaldiak egingo dituzte. Otsailaren 7ean hasiko dira berriro solasaldiekin, eta Lluis Maria Todoren El mal francés liburuari buruz ariko dira.
Errenteriako Udal Liburutegiak antolatu du ekimen hori, “irakurketa sustatzeko xedez eta irakurzaleen jarrera kritiko eta arrazoiak garatzen laguntzeko asmoz”.
Jarduerak irekiak dira, eta irakurtzea gustatu eta iritziak taldean konpartitzea gustatzen zaien herritar guztiei zuzenduta daudela jakinarazi dute. Liburua udal liburutegian lortu ahal izango dute parte hartzaileek, maileguan.
Solasaldiak gaztelaniaz nahiz euskaraz egingo dituzte. Euskarazko lehen solasaldia otsailaren 8an izango da, eta Karmele Jaioren Amaren eskuak liburua iruzkinduko dute.
Hurrengo hilabetean, gaztelaniazko proposamena Peter Handkeren Desgracia impeorable izango da; euskarazkoa, berriz, Ixiar Rozasen Edo zu edo ni. Lehenengoa martxoaren 6an izango da, eta bigarrena, 14an.
Apirilean Jose Maria Perez Alvarezen Nembrot liburuari buruz hitz egingo dute gaztelaniaz (apirilaren 3an), eta euskaraz, berriz, Anjel Lertxundiren Ihes betea nobelari buruz (18an).
Azkeneko saioak maiatzean egingo dituzte: maiatzaren 2an Barbara Jacobsen Las hojas muertas liburuari buruz ariko dira, eta 16an, berriz, Jose Inazio Basterretxearen Azken tranbiaren itzala-ri buruz.
Solasaldi guztiak Xenpelar Etxean izango dira, 19:00etan. Gaztelaniazko saioak Jose Luis Canchok dinamizatuko ditu, eta euskarazkoak Ane Mayozek