Hipo eta Tomax pailazoen ‘Beldurraren etxea’, Niessenen
Hilero moduan, Eskolatik Kalerak ekimenarekin euskarazko antzezlana ikusteko aukera izango dute 5 eta 12 urte arteko haurrek. Oraingoan, Hipo eta Tomaxen bihurrikeriekin pasatuko dute arratsaldea, beldurraren etxean izango baitira bi pailazoak. Ekimena...
Hilero moduan, Eskolatik Kalerak ekimenarekin euskarazko antzezlana ikusteko aukera izango dute 5 eta 12 urte arteko haurrek. Oraingoan, Hipo eta Tomaxen bihurrikeriekin pasatuko dute arratsaldea, beldurraren etxean izango baitira bi pailazoak. Ekimena bihar izango da, 17:30ean, Errenteria Hiria Kulturgunean.
Beldurraren etxea-n denetik gertatuko zaie Hipotolomeo garbitzaileari eta Tomax alguazilari. Beldurrarengatik, baina, ez dute negarrik egingo bi protagonistek; negarra beharrean, barre eta irribarreak gailenduko dira ikuskizunean, istorio barregarri eta umoretsuak prestatu baitituzte ordubeteko ikuskizunerako.
Antolatzaileen arabera, kantak eta jolasak ere ez dira faltako emanaldian, eta osagai guzti horiekin “ikusleek ez dute aspertzeko aukerarik izango”. Gaineratu dutenez, ezustekoak bat bestearen atzetik etorriko dira, eta begira daudenak ez dira lasai egongo: “Ez dira ikusle soilak izango, kantu eta jokoetan parte hartuko dute”.
Sarriegi eta Fatxado
Mikel Sarriegi eta Jose Ramon Fatxadok osatzen dute Hipo eta Tomax bikotea. Hainbat testuingurutan dituzten gertakizunak kontatzen aritzen dira emanaldietan: “Sukaldean, herriko plazan edo zine plato batean elkartu eta hainbat gertaera xelebere, bitxikeria barregarri eta pasadizo umoretsu izango dituzte”.
Sarrerak dagoeneko salgai daude Errenteria Hiria Kulturgunean, euro baten truke. Gaur, 18:00etatik 20:00etara egongo da irekita leihatila, eta bihar, berriz, emanaldia hasi eta ordubete aurretik.