Plan zuzendariari lau alegazio aurkeztu dizkio EAk; hala nola, ingurumenean izango lukeen kaltea aipatu du
Pasaiako Portu Azpiegiturei buruzko Plan Zuzendariari eta Ingurumen Jasangarritasunari buruzko txostenari alegazioak aurkezteko epea dela eta, EAk «kanpoko portuaren proiektua behin betiko baztertu» behar dela adierazi du, «proiektu hori delako oztopo nagusia Pasaiako badiaren biziberritzeari heltzeko».
Kanpo kaiaren ordez, portu mistoa defendatu du EAk, «bideragarritasuna duen aukera bakarra» delako. Horrez gain, Bilbo eta Baionarekin elkarlanean aritzearen alde egin du: «Pasaia ezin da lehia batean sartu, kontrakoa baizik». Ildo horretatik, Bilbok eta Pasaiak kudeaketa bateratua behar dutela iritzi dio, eta bi portuetarako agintaritza bakarra proposatu du.
Horrenbestez, 2010ean egin bezala, oraingoan ere alegazioak aurkeztu ditu EAk. Lau ardatz dituzte. Lehenengoa, merkantzien trafikoak ez duela kanpo kaia justifikatzen. Hala, portuko trafikoa murriztuz joan dela jakinarazi du, eta beraz, egungo azpiegiturak eskariari erantzuteko nahikoa direla iritzi dio.
Bestetik, inbertsio oso handia dela adierazi du, eta «zalantza asko» sorrarazten dituela. EAren arabera, Xixon eta Coruñako kanpoko portuak porrota izan dira: «Kanpoko portuen eredua ere bazterturik dago Europan».
Hirugarren ardatza proiektuak ingurumenean izango lukeen kaltea da, «ez bakarrik Jaizkibelen, baita Ulia eta Ipar Euskal Herriko kostaldean, eta Gipuzkoako hondartzetan ere». Horiek sekulako balioa dutela gogorarazi du, eta Natura 2000 sarean daudela.
Azkenik, Portuak badiaren biziberritzea kanpo kaiaren menpe utzi duela adierazi du: «Diru iturri bezala ikusten du badiaren biziberritzea finantzatzeko». Hori ideia faltsutzat jo du EAk.
Batzar Nagusien erabakia errespetatzeko eskatu dio Lucio Hernandok aldundiari
Lurralde antolaketa politika eta errepide azpiegituretan duen jarrera azaltzeko eskatu dio Bilduri
Pasaiako Portu Agintaritzako lehendakari Lucio Hernandok herenegun Gipuzkoako Foru Aldundiko Lurralde Antolaketa eta Ingurumen diputatu Juan Carlos Alduntzinek egindako adierazpenak erantzun ditu, erakunde horrek Pasaiako Portuaren Plan Zuzendariaren Ingurumen Jasangarritasun Txostenari jarriko dizkion alegazioen harira. Hernandoren arabera, aldundiak Gipuzkoako Batzar Nagusiek kanpoko kaia babesteko eta badia biziberritzeko hartu zuten erabakiaren kontrako norabidean doaz aldundiaren alegazioak: «Batzar Nagusietako alderdi politiko gehienek kanpo kaiaren eta biziberritzearen alde egin zuten. Bilduk azaldu behar du zer nolako lurralde antolaketa politika nahi duen, eta nolako errepide azpiegiturak nahi dituen».
Kanpoko kaia eraikitzea ez diren beste alternatibak ez direla jasangarritasun txostenean agertzen salatu zuen Alduntzinek. Horren aurrean, Hernandok jakinarazi du «modu zorrotzean» aztertu dituztela alternatiba horiek, bat izan ezik: Bilboko portuarekin balizko koordinazioarena. «Aldundiaren proposamena hori balitz, Bilborekin elkarlanean aritzearena, alternatiba hori aztertzeko bi portuak egongo liratekeen agintaritza bat sortu beharko litzateke. Hala ere, horrela, erabakitzeko guneak Pasaiatik eta Gipuzkoatik kanpo egongo lirateke», esan du Hernandok.
Pasaiako Portu Agintaritzako presidenteak onartu du aldundiaren alegazioaren xehetasunik ez duela, oraindik aurkeztu ez dutelako. Baina «prentsaren bidez» jakin duenez, aldundia Espainiako Estatuaren eskumenetan sartu dela adierazi du, «esaterako, aldundiko teknikariek ingurumen eta lege analisiak egin dituztelako». Aldundiak esandakoetan badiako master planaren «ezagutza eza» suma daitekeela esan du Lucio Hernandok.
Kanpoko kaiaren kontrako sinadurak
Oarsoaldeko Eguzkik eta Errenteria-Orereta Bizirik-ek sinadurak bildu zituzten larunbatean Niessen merkataritza zentroan. Antolatzaileen arabera, Pasaiako Portuaren Plan Zuzendariaren Ingurumen Jasangarritasun Txostenaren aurkako alegazioa sinatu zuten herritarrek. Txosten horren puntu batean kanpo kaia babesten da. Aukera hori bertan behera geratzea eskatu dute