Bertan behera gelditu da garraio zerbitzu berrien proposamena
Cristina Laborda Irungo Mugikortasunerako delegatuak autobus zerbitzu berrien gaineko proposamena aurkeztu zuen Udalbatzan, atzokoan, eta, bertan behera gelditu zen. Proposamena egin bezain pronto, aurkako jarrera aurkeztu zuten gainontzeko alderdietako zinegotzi guztiek, eta bakar batek ez zuen haren jarrera aldatzeko asmorik agertu. Era berean, “murrizketak harrigarriak” direla argudiatuta, kexu agertu ziren Landetxa-Kateako auzo elkarteko kideak. Hori dela eta, ordu eta erdiko eztabaidaren ondotik, proposamena atzeratzea erabaki zuen Jose Antonio Santano alkateak. Hala, proposamen berriaren arabera, herriko autobusen inguruko kontratu aldaketa zen gainontzeko hautetsiek bozkatu behar zutena. Izan ere, ibilbide eta geltoki berriak aurrera eraman ahal izateko, kontratuaren esleipena aldatu beharra baitago. Modu horretan, herriko autobusak Gipuzkoako Foru Aldundiaren autobus zerbitzu berriekin koordinatzeko “beharrezkotzat” jo zituen Labordak aldaketak, martxoaren 1ean indarrean sartu behar baitziren ibilbide berriak. Delegatuak emandako datuen arabera, Gipuzkoan, autobusen erabiltzaile kopurua %13 hazi den bitartean, Irunen %7ko beherakada izan du. Beraz, erabiltzaileak erakartzeko neurriak ezinbestekotzat jo zituen PSOEkoak. Ibilbide eta denbora laburragoak, garraioen arteko aldaketak egiteko aukera, eta “erabiltzaile gutxi dauzkaten zerbitzuetan aurrezteko beharra” nabarmendu zituen, besteak beste, hautetsiak. Alderdi guztien ezetza Proposamena aurkeztu bezain azkar, gainontzeko alderdi guztien ezetza jaso zuen delegatuak. EAJko bozeramaile Xabier Iridoyk hartu zuen hitza lehenbizi, eta Foru Aldundiarekin ematen ari den koordinazioa “seriotasun [...]
Cristina Laborda Irungo Mugikortasunerako delegatuak autobus zerbitzu berrien gaineko proposamena aurkeztu zuen Udalbatzan, atzokoan, eta, bertan behera gelditu zen. Proposamena egin bezain pronto, aurkako jarrera aurkeztu zuten gainontzeko alderdietako zinegotzi guztiek, eta bakar batek ez zuen haren jarrera aldatzeko asmorik agertu. Era berean, “murrizketak harrigarriak” direla argudiatuta, kexu agertu ziren Landetxa-Kateako auzo elkarteko kideak. Hori dela eta, ordu eta erdiko eztabaidaren ondotik, proposamena atzeratzea erabaki zuen Jose Antonio Santano alkateak.
Hala, proposamen berriaren arabera, herriko autobusen inguruko kontratu aldaketa zen gainontzeko hautetsiek bozkatu behar zutena. Izan ere, ibilbide eta geltoki berriak aurrera eraman ahal izateko, kontratuaren esleipena aldatu beharra baitago. Modu horretan, herriko autobusak Gipuzkoako Foru Aldundiaren autobus zerbitzu berriekin koordinatzeko “beharrezkotzat” jo zituen Labordak aldaketak, martxoaren 1ean indarrean sartu behar baitziren ibilbide berriak.
Delegatuak emandako datuen arabera, Gipuzkoan, autobusen erabiltzaile kopurua %13 hazi den bitartean, Irunen %7ko beherakada izan du. Beraz, erabiltzaileak erakartzeko neurriak ezinbestekotzat jo zituen PSOEkoak. Ibilbide eta denbora laburragoak, garraioen arteko aldaketak egiteko aukera, eta “erabiltzaile gutxi dauzkaten zerbitzuetan aurrezteko beharra” nabarmendu zituen, besteak beste, hautetsiak.
Alderdi guztien ezetza
Proposamena aurkeztu bezain azkar, gainontzeko alderdi guztien ezetza jaso zuen delegatuak. EAJko bozeramaile Xabier Iridoyk hartu zuen hitza lehenbizi, eta Foru Aldundiarekin ematen ari den koordinazioa “seriotasun gutxikoa” dela salatu zuen, eta gainera, afera honen gaineko “informazio ofizialik jaso ez izanagatik” kexu agertu zen. Ondorioz, kontra bozkatuko zutela argi esan zuen jeltzaleak.
Juana de Bengoetxea PPko hautetsiak ere haren taldearen kontrako jarrera agertu zuen lehen unetik. Aldundiaren konpromisoa era ofizialean jasotzeko aldarria egin zuen, eta gainera, Txingudiko merkatal gunerako autobus zerbitzua zein Meakarako aurkeztutako proposamenenekiko aurreiritziak agertu zituen PPko bozeramaileak.
Oinatz Mitxelena Bilduko hautetsiak gaiak “hautsak harrotu” izana leporatu zion Labordari. Herritarren parte hartzearen inguruan aritu zen ezker abertzaleko kidea, eta aldaketak jakitera eman arren “herritarrei eskakizunak egiteko aukerarik” eman ez izana salatu zuen. Era berean, hasierako azalpenen arabera “arrazoi ekonomikoak” aipatu baziren ere, oraingoan erabat ezagutzen ez dituzten “beste hainbat puntu” eman izana adierazi zuen.
Azkenik, Manuel Millan EBko hautetsi bakarrak proposamenaren kontrako jarrera ere erakutsi zuen, eta Meaka, Olaberria eta Landetxa auzoetarako “neurri eraginkorrak” beharrezkoak direla adierazteaz gain, autobusen maiztasunarekin ezadostasuna ere agertu zuen EBko kideak.
Horrez gain, PPko zein EAJko bozeramaileek alkatearen jarrera kritikatu zuten, hautetsiei “errieta” egin izana leporatuta.
Landetxakoak ere bertan
Katea auzoko hainbat lagun ere izan ziren bertan, eta auzokideen “ezinegona” beste behin ere agertu zuen Pedro Etxaniz elkartekideak, hitza hartu zuenean. Auzokideen izenean aritu zen Etxaniz, eta haren arabera, “zerbitzuaren murrizketa harrigarria” izan da. “Hiri erdira joatea eskatzen zaigu, eta topoak dagoeneko hori kubritzen du”. Beraz, beste mota bateko zerbitzua behar dutela adierazi zuen. San Juan plaza eta Ospitalearen inguruan batez ere kexu agertu zen auzokidea.