Batzar Nagusien erabakia errespetatzeko eskatu dio Lucio Hernandok aldundiari
Pasaiako Portu Agintaritzako lehendakari Lucio Hernandok herenegun Gipuzkoako Foru Aldundiko Lurralde Antolaketa eta Ingurumen diputatu Juan Carlos Alduntzinek egindako adierazpenak erantzun ditu, erakunde horrek Pasaiako Portuaren Plan Zuzendariaren I...
Pasaiako Portu Agintaritzako lehendakari Lucio Hernandok herenegun Gipuzkoako Foru Aldundiko Lurralde Antolaketa eta Ingurumen diputatu Juan Carlos Alduntzinek egindako adierazpenak erantzun ditu, erakunde horrek Pasaiako Portuaren Plan Zuzendariaren Ingurumen Jasangarritasun Txostenari jarriko dizkion alegazioen harira. Hernandoren arabera, aldundiak Gipuzkoako Batzar Nagusiek kanpoko kaia babesteko eta badia biziberritzeko hartu zuten erabakiaren kontrako norabidean doaz aldundiaren alegazioak: “Batzar Nagusietako alderdi politiko gehienek kanpo kaiaren eta biziberritzearen alde egin zuten. Bilduk azaldu behar du zer nolako lurralde antolaketa politika nahi duen, eta nolako errepide azpiegiturak nahi dituen”.
Kanpoko kaia eraikitzea ez diren beste alternatibak ez direla jasangarritasun txostenean agertzen salatu zuen Alduntzinek. Horren aurrean, Hernandok jakinarazi du “modu zorrotzean” aztertu dituztela alternatiba horiek, bat izan ezik: Bilboko portuarekin balizko koordinazioarena. “Aldundiaren proposamena hori balitz, Bilborekin elkarlanean aritzearena, alternatiba hori aztertzeko bi portuak egongo liratekeen agintaritza bat sortu beharko litzateke. Hala ere, horrela, erabakitzeko guneak Pasaiatik eta Gipuzkoatik kanpo egongo lirateke”, esan du Hernandok.
Pasaiako Portu Agintaritzako presidenteak onartu du aldundiaren alegazioaren xehetasunik ez duela, oraindik aurkeztu ez dutelako. Baina “prentsaren bidez” jakin duenez, aldundia Espainiako Estatuaren eskumenetan sartu dela adierazi du, “esaterako, aldundiko teknikariek ingurumen eta lege analisiak egin dituztelako”. Aldundiak esandakoetan badiako master planaren “ezagutza eza” suma daitekeela esan du Lucio Hernandok.