“Leku guztietan murrizketak egiten ari dira makroazpiegituretan izan ezik”
Lurra, zorua bailitzan liburua aurkeztuko du gaur, 19:30ean, Xenpelar Etxean, Iñaki Petxarromanek (Lasarte-Oria, 1973). Garapen ereduak azken urteetan izan dituen ondorioei buruz ariko da, eta eskualdean utzi dituenak ere kontuan izango ditu. Oarsoaldea “nahiko eskualde zigortua” izan dela adierazi du. Lurra zorua bailitzan liburua aurkeztera zatoz Errenteria-Oreretara. Labur-labur azaldu zeri buruz doan. Garapen ereduak azkeneko urte eta hamarkadetan Euskal Herrian eragin dituen ondorioei buruz: azpiegiegituretan, gizarte ereduan eta lurrari egindako kalteetan. Horren harira, tesia ematen dut. Alegia, gauden bidetik oso oker goazela eta atzera egiteko momentua dela. Oarsoaldean Pasaiako kanpo kaia eta abiadura handiko trena izango lirateke adibide horiek? Oarsoaldea nahiko eskualde zigortua da, lehendik ere Pasaiako portuaren jarduera oso kaltegarria izan delako ingurumenaren ikuspegitik. Horren adibide dira Iberdrolako ikatzezko zentral termikoa eta portuak inolako zigorrik eta kontrolik gabe isuri dituen gai kutsagarri guztiak. Horrez gain, mehatxu berriak agertu zaizkio: superportua eta abiadura handiko trena. Eskualde horretan azpiegituren hazkundea ere ikaragarria izan da, bai industrialdeen ikuspegitik, bai merkataritza zentroen ikuspegitik… Horrekin lotuko nuke datozen urte eta hamarkadetarako planteatzen ari diren lurralde sektore plana. Ingurumenarekiko kontzientzia geroz eta gehiago ari da zabaltzen, baina era berean, halako proiektuak sustatzen jarraitzen dute. Ez al da kontraesan bat? Egia da sistemaren oinarri direnek hartu [...]
Lurra, zorua bailitzan liburua aurkeztuko du gaur, 19:30ean, Xenpelar Etxean, Iñaki Petxarromanek (Lasarte-Oria, 1973). Garapen ereduak azken urteetan izan dituen ondorioei buruz ariko da, eta eskualdean utzi dituenak ere kontuan izango ditu. Oarsoaldea “nahiko eskualde zigortua” izan dela adierazi du.
Lurra zorua bailitzan liburua aurkeztera zatoz Errenteria-Oreretara. Labur-labur azaldu zeri buruz doan.
Garapen ereduak azkeneko urte eta hamarkadetan Euskal Herrian eragin dituen ondorioei buruz: azpiegiegituretan, gizarte ereduan eta lurrari egindako kalteetan. Horren harira, tesia ematen dut. Alegia, gauden bidetik oso oker goazela eta atzera egiteko momentua dela.
Oarsoaldean Pasaiako kanpo kaia eta abiadura handiko trena izango lirateke adibide horiek?
Oarsoaldea nahiko eskualde zigortua da, lehendik ere Pasaiako portuaren jarduera oso kaltegarria izan delako ingurumenaren ikuspegitik. Horren adibide dira Iberdrolako ikatzezko zentral termikoa eta portuak inolako zigorrik eta kontrolik gabe isuri dituen gai kutsagarri guztiak. Horrez gain, mehatxu berriak agertu zaizkio: superportua eta abiadura handiko trena. Eskualde horretan azpiegituren hazkundea ere ikaragarria izan da, bai industrialdeen ikuspegitik, bai merkataritza zentroen ikuspegitik… Horrekin lotuko nuke datozen urte eta hamarkadetarako planteatzen ari diren lurralde sektore plana.
Ingurumenarekiko kontzientzia geroz eta gehiago ari da zabaltzen, baina era berean, halako proiektuak sustatzen jarraitzen dute. Ez al da kontraesan bat?
Egia da sistemaren oinarri direnek hartu dutela ikur bezala berdearen kareta edo mozorro hori, eta egiten ari direnaren kontrakoa da. Adibidez, Pasaian bertan garai batean kanpo kaiari ekoportu deitu zioten, errauste plantari energia balioztatzeko planta… Azken finean, sistemak ere kontrolatu behar ditu erabiltzen dituen leloak eta hitzak, eta justu kontrakoa egiten ari den garai batean gertatzen da hori.
Krisi garaian finantzazioa lortzea ez da erraza izaten. Gauza berbera gertatzen al da proiektu horiekin?
Gauza kurioso bat gertatzen da. Sistemaren bozeramaileetatik iristen ari zaigun mezua da ezin zaiola eutsi orain arteko ongizate sistema horri. Osasun publikoa ere kolokan dagoen mezuak iristen zaizkigu; hezkuntzan dauden murrizketak; pobreziari eta gizarte bazterketari aurre egiteko gizarte laguntzetan egiten ari diren murrizketak… Leku guztietan murrizketak egiten ari dira makroazpiegituretan izan ezik. Adibidez, aurtengo Jaurlaritzaren aurrekontuetan abiadura handiko trenari ematen zaion dirua iaz baino %27 gehiago da. Aldiz, hezkuntzan, osasunean eta kulturan, dezenteko murrizketa izan da. Gizarteari iritsi arazi behar zaio mezua. Alegia, dirua badago, eta dirua nola erabili da gakoa.
Proiektu horien kontra herria mugitzen ari da, baina nahikoa izango al da horiek gelditzeko?
Ez dakit nahikoa izango den, baina herri mugimendurik ez badago oraindik errazago egingo dute. Aldaketa handien garaiak dira, krisia eragiten ari da, eta paradigma berriak sortzen ari dira. Horren aurrean, herritarrek zeresan handia dute. Aukera berriak sortzen direnean baliatu egin behar dira, eta herritarrek gaitasuna eduki behar dute planteamenduak mahai gainean jartzeko; orain artekoekin badakigu nora goazen. Beste mundu batera joan behar dugu, eta baliabideak mugatuak direnez, ezin ditugu agortu, horiek bukatzean ez dagoelako besterik.