Enpresak ixten ari diren garai honetan ez da erraza enpresa berri bat sortzea. Zailtasunetako bat finantzazioa lortzea izaten da. Arazo horri irtenbide bat ematearren, Oarsoaldea Garapen Agentziak eta Oinarri elkarteak lankidetza hitzarmena sinatu dute. “Akordioari esker, eskualdeko enpresek finantzaziazio baldintza hobeak izango dituzte, eta finantzazioari buruzko doako aholkularitza jasoko dute Oinarriko adituen eskutik”, azaldu du garapen agentziak.
Oarsoaldeko bazkideek izango dute finantzazio laguntza, “berriztapen eta egokitzapen lanak egiteko, makina eta azpiegiturak erosteko eta ondasun higiezinak eskuratu ahal izateko”. Araba, Bizkaia eta Gipuzkoatik kanpo inbertsioak egingo dituztenek ere eskatu ahal izango dituzte laguntzak.
Horrez gain, altxortegiaren beharrak asetzeko ere baliagarria izango da hitzarmena, hala nola, enpresek behar izaten dituzten stock edo abal teknikoak finantzatzeko. Zentzu horretan, mikroenpresei eta autonomoei kreditu kontu bereziak ematea ere aztertzen ari dira.
Oinarrik, gainera, doako aholkularitza zerbitzua emango die eskualdeko enpresei. Aholkularitza zerbitzu hori finantza operazioak egiteko baliagarria izango da. Zerbitzu hori, ordea, ez du Oinarrik soilik emango, Oarsoaldeak berak antolatzen dituen prestakuntza jardunaldietan ere jaso ahal izango baitute aholkularitza eskualdeko enpresek.
Ekintzaileak helburu
Hitzarmena batik bat ekintzaileei begirakoa da. Izan ere, ekintzailearen perfila aldatzen ari da: “Martxan jarri diren ekimenak negoziorako aukeragatik baino gehiago lanerako beharragatik izan dira azkenaldian. Ekintzaile askok beste aukerarik ez dagoelako jarri dute negozio bat martxan”. Ildo horretatik, euren inbertsioak finantzatzeko beharra ikusi du Oarsoaldeak.
“Ekintzaileentzat finantzaziorako zailtasunak oztopo” direnez, finantzazioa “ahalik eta baldintza onenetan” lortzea nahi dutela azaldu du Asier Mujika Oarsoaldeako presidenteak.
Oinarri elkarren bermerako elkartea da, eta gizarte ekonomian eta euskal enpresa txiki eta ertainetan espezializatua dago. Enpresek eurek sortu eta kudeatzen duten erakundea da, eta enpresek dituzten finantza arazoei irtenbidea ematea du helburu.
Horrenbestez, enpresen finantzazioa errazten eta ekonomiaren kudeaketa hobetzen dihardu. Oarsoaldea Garapen Agentziak jakinarazi duenez, “behar dituzten bermeak ematen dizkiete enpresei, eta berme horrekin enpresek haien inbertsioak finantzatzen dituzte, merkatuan dauden baldintza onenetan”.