Ekonomia, ingurumena eta etxebizitza, gaurko plenoko gai nagusi
Hiru gai nagusi izango dira urtarrileko ohiko udalbatzarrean: ekonomia, ingurumena eta etxebizitza. Gaur izango da plenoa, 19:00etatik aurrera, udaletxeko areto nagusian. Ekonomiari dagozkion gai hauek jorratuko dituzte zinegotziek, besteak beste: Kutx...
Hiru gai nagusi izango dira urtarrileko ohiko udalbatzarrean: ekonomia, ingurumena eta etxebizitza. Gaur izango da plenoa, 19:00etatik aurrera, udaletxeko areto nagusian.
Ekonomiari dagozkion gai hauek jorratuko dituzte zinegotziek, besteak beste: Kutxabank erakundearen ordezkaritzari buruzko mozioa, eta Gipuzkoa eta Donostiako Aurrezki Kutxaren Gobernu Organoan parte hartzeko beste udalekin elkartzeko proposamena.
Ingurumenari dagozkionak, hauek: Pasaiako Portuko Azpiegituren Plan zuzendariaren Jasangarritasun txostenari iradokizunak, eta Gipuzkoan azpiegitura lan handiak geldiaraztearen aldeko mozioa.
Altzibarko etxeen zerrendak
Bestalde, etxebizitzari dagozkion gaien artean, Olaldeko etxebizitzak izango dituzte hizpide. Babetik, Altzibarko Babes Ofizialeko etxebizitzetako eskatzaileen behin-behineko zerrendak jorratuko dituzte, eta bestetik, etxebizitza tasatuen ordenantzaren aldaketa.
Gainontzeko gaiak honakoak izango dira: Aurreko batzarraldiko aktaren onarpena; Iturrizarreta deituriko lursail baten salmenta berrestea; Udal Batzorde informatiboetan aldaketak; Udalbiltzako udal ordezkaritza izendatzeko proposamena; Oiartzungo udalerrian bidaiarien hiri garrio zerbitzu publikoaren kudeaketaren kontratazioa —Xorrola autobusa—, kudeaketa interesatuaz eta prozedura ireki bidez; udal ondasunen inbentarioa berritzea; Luberriri 2012ko ekarpena; Soinueneari ekarpena; aurreko urteetako isunak baliogabetzeko proposamena; beste organoen jardueraren jarraipena, eta eskari galderak.