Egoera salatzeko, kalera ateratzeko deia
Orain astebete, Errenteria-Oreretako langabeei zuzendutako kartelez beteta azaldu ziren kale eta atariak. 12:00etan Herriko Enparantzan egingo zuten asanblean parte hartzera deitzen zieten bertan, eta hala egin zuten atzo hamarnaka langabek. Adin askotarikoak, emakume zein gizon bildu ziren plazan, eta denek, ideia berbera nabarmendu zuten behin eta berriro, “mobilizatzeko beharra” langabeek bizi duten egoera salatzeko. Oreretako Langabetuen Asanblea sortzea zen atzoko ekimenaren helburua. Azken hori bete dela uste dute Rafa Lorente eta Marcos Murillo Errenteria-Oreretako langabeek. Eraikuntzako langileak ziren biak, lanik gabe gelditu ziren arte, eta Errenteria-Oreretako zein eskualdeko langabeen asanbleak martxan jartzeko lanean hasi ziren joan den urteko ekainean. Atzokoa egun “garrantzitsua” izan zela zehaztu zuen Lorentek, “jendeak erantzun duelako, eta kalera ateratzeko eta gauzak egiteko gogoarekin dagoela erakutsi duelako”. Kalera irteteko beharra Kalera ateratzeari “ezinbesteko” iritzi zion Lorentek: “Presioa egin behar dugu, kalera irten eta borrokatu. Denok dakigu borrokatzea dela gauzak lortzeko bidea. Etxean geldituta, ez dugu ezer lortuko”. Horren harira, Murillok zein Lorentek atzoko asanblean bildutako hamarnaka langabeei, zein Errenteria-Oreretan dauden beste guztiei dei egin zieten elkartu eta lanean hasteko. Horretarako, Iztieta auzoko Oiartzun kalean duten lokalera joatea baino ez dute, “asanblean parte hartu, ideiak eman eta bizi dugun egoera salatzeko lanean hasi nahi dutenek”, zehaztu zuten bi [...]
Orain astebete, Errenteria-Oreretako langabeei zuzendutako kartelez beteta azaldu ziren kale eta atariak. 12:00etan Herriko Enparantzan egingo zuten asanblean parte hartzera deitzen zieten bertan, eta hala egin zuten atzo hamarnaka langabek. Adin askotarikoak, emakume zein gizon bildu ziren plazan, eta denek, ideia berbera nabarmendu zuten behin eta berriro, “mobilizatzeko beharra” langabeek bizi duten egoera salatzeko.
Oreretako Langabetuen Asanblea sortzea zen atzoko ekimenaren helburua. Azken hori bete dela uste dute Rafa Lorente eta Marcos Murillo Errenteria-Oreretako langabeek. Eraikuntzako langileak ziren biak, lanik gabe gelditu ziren arte, eta Errenteria-Oreretako zein eskualdeko langabeen asanbleak martxan jartzeko lanean hasi ziren joan den urteko ekainean. Atzokoa egun “garrantzitsua” izan zela zehaztu zuen Lorentek, “jendeak erantzun duelako, eta kalera ateratzeko eta gauzak egiteko gogoarekin dagoela erakutsi duelako”.
Kalera irteteko beharra
Kalera ateratzeari “ezinbesteko” iritzi zion Lorentek: “Presioa egin behar dugu, kalera irten eta borrokatu. Denok dakigu borrokatzea dela gauzak lortzeko bidea. Etxean geldituta, ez dugu ezer lortuko”.
Horren harira, Murillok zein Lorentek atzoko asanblean bildutako hamarnaka langabeei, zein Errenteria-Oreretan dauden beste guztiei dei egin zieten elkartu eta lanean hasteko. Horretarako, Iztieta auzoko Oiartzun kalean duten lokalera joatea baino ez dute, “asanblean parte hartu, ideiak eman eta bizi dugun egoera salatzeko lanean hasi nahi dutenek”, zehaztu zuten bi langabeek. Lokala astearte eta ostegunetan izaten da zabalik, 11:00etatik 12:00etara. Eskualdeko beste udalerrietan langabeen asanbladak aktibatzea dute helburu orain. “Eguna zehaztu gabe badugu ere, datorren astean Pasaiara joango gara eta Oreretan egindako gauza berbera egingo dugu. Bertan, langabeak asanbleara bildu, eta taldea sortzen saiatuko gara”, jakinarazi zuen Lorentek.
Langabezia datuak
Errenteria-Oreretako langabezia datuen berri eman zuen atzoko asanblean Lorentek. Guztira, 2.745 langabe daude udalerrian eta horietatik 1.390 emakumeak dira, eta 1.355 gizonak. “Guztira, herritarren %13,9 gaude langabezian”, esan zuen Lorentek. Sektoreka, berriz, nekazaritzan hamabost langabe daude, industrian, 472; eraikuntzan, 372; zerbitzuetan1.746, eta inoiz lanik egin ez dutenak 150 dira.
Egoera salatzeko, hainbat plataforma eta taldek deituta Bilbon, otsailaren 4an, manifestazioa egingo dutela jakinarazi zuen Murillok: “Autobusak antolatu dituzte eta doakoak izango dira langabeentzat”. Joan nahi dutenek, izena eman beharko dute hilaren 31 baino lehen langabeen asanblearen egoitzan, Iztietan.
Halaber, Beraungo familia bat etxetik kaleratuko dutela-eta elkartasuna adieraztera deitu zuten: “Lehen lerroan izango gara halako kasuak salatzen ere”.