PSOEk Paul Abasolori indultoa eman zion, azken Ministro Kontseiluan
PSOE agintean zela eginiko azken ministro kontseiluan Espainiako Gobernuak Paul Abasolo Real Unioneko jokalari ohiari indultu partziala eman zion, eta bi urtera jaitsi hiru sexu erasorengatik zeukan zigorra. Hiru urte eta hiru hilabeteko espetxea zeukan betetzeko Abasolok, baina kartzelara joateko zegoen oraindik. Espainiako Gobernuaren erabakiak zuzeneko ondorioa izango du: bi urtean utzi diote zigorra, eta, aurrekaririk ez daukanez, ez du espetxera joan beharrik izango. Francisco Caamaño Justizia ministro ohiak sinatuta dago agindua. Bi baldintza jarri dizkiote indultuan: sexu heziketako ikastaroetan parte hartzea eta deliturik ez egitea lau urtean. Gernikan (Bizkaia) eraso zien emakumeei Abasolok, kale erdian, 2006an eta 2007an. Bost andrek jarritako salaketen harira atzeman zuen Ertzaintzak. Kartzelan sartu zuten behin-behinean eta bost hilabete egin zituen preso. Atxiloketak zeresan handia eman zuen, Real Union futbol taldeko jokalaria baitzen garai hartan Abasolo. Aurrez beste hainbat taldetan ere aritua zen; besteren artean, Bilboko Athleticen, gazte mailan. Bi urte baino gehiagoko zigorra izanagatik ere, kartzelara joateko zegoen, helegitea jarrita zeukalako. Bitartean futbolean jokatzen jarraitu du —Oviedo taldean aritzen da—, eta jarraitu ahalko du, Espainiako Gobernuaren erabakiz ez baitu joan beharko espetxera. Salbuespeneko neurria Indultua, berez, salbuespeneko neurria da, eta emakumeen aurkako erasoetan eta horrelakoetan ez dute eman izan. Delitu bakarra egin duten kasuan eman ohi [...]
PSOE agintean zela eginiko azken ministro kontseiluan Espainiako Gobernuak Paul Abasolo Real Unioneko jokalari ohiari indultu partziala eman zion, eta bi urtera jaitsi hiru sexu erasorengatik zeukan zigorra. Hiru urte eta hiru hilabeteko espetxea zeukan betetzeko Abasolok, baina kartzelara joateko zegoen oraindik. Espainiako Gobernuaren erabakiak zuzeneko ondorioa izango du: bi urtean utzi diote zigorra, eta, aurrekaririk ez daukanez, ez du espetxera joan beharrik izango. Francisco Caamaño Justizia ministro ohiak sinatuta dago agindua. Bi baldintza jarri dizkiote indultuan: sexu heziketako ikastaroetan parte hartzea eta deliturik ez egitea lau urtean.
Gernikan (Bizkaia) eraso zien emakumeei Abasolok, kale erdian, 2006an eta 2007an. Bost andrek jarritako salaketen harira atzeman zuen Ertzaintzak. Kartzelan sartu zuten behin-behinean eta bost hilabete egin zituen preso. Atxiloketak zeresan handia eman zuen, Real Union futbol taldeko jokalaria baitzen garai hartan Abasolo.
Aurrez beste hainbat taldetan ere aritua zen; besteren artean, Bilboko Athleticen, gazte mailan. Bi urte baino gehiagoko zigorra izanagatik ere, kartzelara joateko zegoen, helegitea jarrita zeukalako. Bitartean futbolean jokatzen jarraitu du —Oviedo taldean aritzen da—, eta jarraitu ahalko du, Espainiako Gobernuaren erabakiz ez baitu joan beharko espetxera.
Salbuespeneko neurria
Indultua, berez, salbuespeneko neurria da, eta emakumeen aurkako erasoetan eta horrelakoetan ez dute eman izan. Delitu bakarra egin duten kasuan eman ohi dituzte indultuak, eta arriskurik ez dagoenean. Horregatik, harridura handia eragin du Espainiako Gobernuaren erabakiak, bai auzitegietan, baita Euskal Herriko Bilgune Feministan ere. “Uste dugu zigorren bideak ez duela arazoa konpontzen, baina, behin sententzia bat egonda, ez dakigu zertara datorren orain bertan behera uztea zigorra”, aipatu du Miren Aranguren eledunak.
Funtsik gabeko erabakia dela iritzi dio Bilgune Feministak, eta Abasoloren kasuan, gainera, “beste interes batzuk” ikusi ditu: “Pertsona ezaguna da, eta familia dirudunekoa”. Nagore Laffageren hiltzailearen kasua gogoratu du, behar baino zigor txikiagoa jarri ziotelakoan. Arangurenek gogoeta eskatu du, halako erabakiekin zabaltzen ari diren mezuari buruz: “Behin baino gehiagotan egin ditu erasoak, eta doan irten zaio. Akatsa da indultua ematea”.

