Koloretako mundua helburu
porrotx izan da lezo herri eskolan
Egun handia izan zuten atzokoa Lezo Herri Eskolako Haur Hezkuntzako ikasleek. Izan ere, bisita berezia jaso zuten. Euren artean, hurbil eta goxo izan zuten Porrotx. Urduri eta gogotsu zeuden aldi berean, azken bi asteak eman dituztelako bisita berezi hori prestatzen 5 urteko HHko ikasleek, Marian, Joseba eta Kristina tutoreekin batera. Pirritx, Porrotx eta Marimototsek euren azken lanean, Zazpikoloroa-n hain zuzen ere, bildu duten Etiopia utopia abestiaren dantza prestatu zuten, marakak eta guzti, Porrotxi ongi etorria emateko. Horrek lotu ditu bidean Lezo Herri Eskola eta Porrotx, Etiopiak, alegia. “Zazpikoloroa ikuskizunak koloretako mundua eta elkartasuna ditu ardatz, eta horren harira argitaratutako diskoa ere, elkartasunari dedikatutakoa da”, azaldu zuen atzo Porrotxek.
Elkartasuna oinarri
Elkartasunarekin lotutako abesti asko dituzte azken lanean: Ongiz elkarteari eskainitako Besarkada; Gehitu taldeari eskainitako Maitasunaren ostadarra… eta tartean, Euskal Herrian lanean diharduen Etiopia Utopia elkarteari eskainitako izen bereko abestia. “Diskoa grabatu genuenean beste haur batzuekin batera, Lezoko bi laguntxo etorri zitzaizkigun Etiopia utopia kanta abestera, Josu eta Karmele. Biek diskoan eta ipuinetan hartu zuten parte eta gaur, [atzo] esker onez etorri naiz Lezo Herri Eskolara. Beraiek emandakoa jaso genuen, eta orain, ni nator ematera”. Bi saio egin zituen guztira atzokoan Porrotxek Gezala Auditoriumean. “Horien bidez koloretako mundua nahi dugula azaldu diet. Gu kolorez janzten gara, koloretakoa nahi dugu mundua, animalia eta landare ugarirekin; eta baita herri, kultura eta hizkuntza askorekin, jakina. Mundua puzlea bezala irudikatzen dugu, baina ez bi piezako puzle bat bezala, pieza txiki ugari eta askotariko koloretako puzlea bezala baizik”, zehaztu zuen.
Kulturak partekatu
Joan den urteko Aste Santuan izan ziren Pirritx, Porrotx eta Marimotots Etiopian, Etiopia Utopia elkartearen proiektua bertatik bertara ezagutzeko. “Angel Olaran hernaniarrak 20 urtetik gora daramatza bertan lanean, elkartasuna zabaltzen, mundu justuago batean sinesten duelako. Euskal Herrian, harekin elkarlanean ari diren gazteak ezagutu, eta berehala kutxatu gintuzten proiektuan parte hartzeko”, esan zuen Porrotxek.
Bere margo eta jantzi koloretsuekin Etiopiara heldu zirenean “banbulo” izena jarri zieten bertakoek: “Panpina esan nahi du beraien hizkuntzan, ipuinetatik atera eta bizirik geunden panpinak ginela uste zuten”. Porrotxek argi du elkartasuna adierazteko modurik eraginkorrena, etxean bertan egitea dela. “Hemen etorkinez inguratuta gaude, gu ere izan gara etorkin eta haiei euskaratik eta kulturatik erakustea bezain garrantzitsua da haiengandik, euren kulturatik jasotzea, ikastea; partekatzea azken batean”.
Ginea Bissautik Lezora
Josu eta Karmele anai-arrebak dira, eta 2006. urteko abenduan heldu ziren Lezora Ginea Bissautik, hilabete gutxi batzuk baino ez zituztenean. Bost urte pasatu dira dagoeneko, eta ordutik bertan bizi dira, eta Lezo Herri Eskolako ikasle dira. Edita Bele Edyang-ek, Josu eta Karmeleren amak, Lezon oso “gustura” bizi direla nabarmendu zuen: “Eskolara joatea izugarri gustatzen zaie biei, goizeko zazpietan esnatu eta eskolara heltzeko irrikaz izaten dira”. Pirritx, Porrotx eta Marimototsekin batera Etiopia Utopia abestiaren grabaketan parte hartzearen gainean ere aritu da Edita: “Marian, Karmeleren andereñoaren bidez sortu zen horretarako aukera, eta bi umeentzako esperientzia izugarria izan da, oso aberasgarria. Grabatzen amaitu zutenean, ez zuten bertatik atera nahi. Lezon oso pozik bizi naiz, baita Josu eta Karmele ere, eta hori da garrantzitsuena”.
Zalantzarik ez da gustura izan zirela atzo Josu eta Karmele Porrotxekin, eta beraiekin batera, Lezoko Herri Eskolako gainontzeko haurrak. Jolasa, dantza eta kantuaren bidez, elkartasunean oinarritutako mundua, anitza, askotarikoa, zazpi kolorekoa posible dela, eta hala behar duela ikasi zuten. Porrotxek ere ez du zalantzarik, “aurrera begira, guk ere munduan gure tokitxoa izango dugun ziurtasun osoa dut”.
Saioa amaitzeko Gezalan bildutako ikasleak oholtza gainera gonbidatu zituen Porrotxek, eta bertan, guztiek elkarrekin abestu eta dantzatu zituzten Maketume-tumepapa eta Maite zaitut.



