Emakundek 2011ko Berdintasunerako Saria Hondarribiko Jaizkibel Konpainiari eta Irungo Alarde Parekideari ematea erabaki du. Euren izenean Alardezaleak alarde publikoaren aldeko elkarteak jasoko du saria. “Jaietan emakumeek berdintasunean parte hartzeko duten eskubidearen alde egindako lana” saritu nahi izan dutela jakinarazi du Emakundek.
Jaizkibel Konpainiak nahiz Irungo Alarde Parekideak hamabost urtetan egindako lana goraipatu du Emakundek. Emakume eta gizonek jaietan parte hartzeko aukera berdinak izateko beti “bide baketsuak” erabili dituztela ere nabarmendu du,
“nahiz eta zailtasun askori aurre egin behar izan dieten”.
Jaizkibel Konpainiak Facebook-eko orrialdean adierazi duenez, “pozik” jaso du aitortza, eta nahiz eta helburuak oraindik ez lortu, beste pausotxo bat izan daitekeelakoan dago. San Sebastian Egunaren bezpera izanik, Donostiako danborradetan lortzen ari den parekidetasuna ere kontuan izan du.
Sari horien xedea pertsonek nahiz erakunde juridikoek berdintasunaren alde egindako lana ezagutu, nabarmendu aintzat hartzea da, eta 14.400 euroko diru kopurua jasoko du garaileak.