
Eleak mugimenduak agerraldia egin zuen atzo goizean Oarsoaldeko gazte auzipetuen epaiaren harira. Eleak-ek gogor salatu zuen Espainiako Auzitegi Nazionalak astelehenean eman zuen epaia: “Gogor salatu nahi dugu eskubideen errespetuan oinarritutako bidearen kontrako eraso berri hau. Gazte hauen delitu bakarra gazteen eskubideen alde gazte mugimenduan lan egitea da, eta koloretako Euskal Herri bat amestu eta horren eraikuntzan lan egitea”. Beraz, epaiaren kontrako jarrera agertzeko, manifestazioa deitu du Eleak-ek iganderako: 12:00etan hasiko da Lartzabalgo anbulatoriotik, eta Epaiketa politikorik ez, zigorrik ez. Euskal gazteria libre eta legala leloarekin egingo dute. Errenteria-Oreretako Arenalean bukatuko da martxa.
Eleak-eko kideek esan zuten Oarsoaldeko gazteena ez dela izan kasu bakarra. “Gipuzkoan 111 dira lan politikoa egiteagatik soilik auzibidean edo sententziaren zain dauden lagunak. Jardun politikoa ezin da kriminalizatu pertsonak eta ideiak auzibidean jarriz. Horren aurrean ezin dugu geldirik egon, eskubide guztien aldeko harresia beharrezkoa da”.
Babes handia izan zuten atzo auzipetuek eta zigorra jasan dutenek. LABeko, ELAko, EAJko, EAko, Oiartzungo Haurtzaro Ikastolako eta Orereta Ikastolako ordezkariek lagunduta izan ziren agerraldian. Auzipetuen ordezkaritza zabala ere izan zen. Arantxa Urbek hitz egin zuen Eleak-en izenean.
Egoera berria
Eleak-en hausnarketaren arabera, “banatzen gaituenaren gainetik, denok elkarrekin, eskubide guztiak guztiontzat aintzat hartuta, eskubide urraketen aurrean herri gisa” erantzuteko garaia da. Hala, “gehiegikeria hauek” egungo egoera politikoan ezin direla ulertu esan zuen mugimenduaren eledunak: “Epaitegitik datozkigun hainbat erabaki bide horren aurkako logikan kokatuta daude. Justiziaren izenean injustizia egiten dute”.
Igandeko mobilizazioaz gain, bihar, Errenteria-Oreretan 20:30ean kanpaldia hasiko dute, eta etzi Lartzabalgo biribilgunean elkarretaratzea egingo dute, 12:00etatik aurrera.