Mungiako (Bizkaia) XIV. San Antontxu bertsopaper txapelketan hango bertsolariak beharrean hemengoak izan dira protagonista. Hiru sarietatik bi lortu dituzte Oarsoaldeko bertsolariek Taket Bertsolaritza Alkarteak antolatutako lehiaketan: Karmele Mitxelena oiartzuarrak lehen saria lortu du, eta Iñigo Legorburu oreretarrak, berriz, hirugarrena.
Mitxelenak Gezurra da izeneko bertso sortagatik lortu du lehen saria. Antolatzaileen arabera, “desleialtasun kasu baten gertaerak azaltzen ditu modu poetiko bikain batean”. Legorburuk, berriz, Bi bihotz lanarengatik lortu du saria. Bertan amodio lesbiko baten gorabeherak kontatzen ditu.
Bertsopaperarengatik 400 euro poltsikoratu ditu Mitxelenak, eta horrez gain, Taket izeneko oroigarria ere ekarri du Oiartzunera. Legorburuk, berriz, 200 euro eta garaikurra irabazi ditu.
Bigarren saritua, berriz, bizkaitarra izan da, Moises Enbeita. 300 euroko saria lortu du.
Igandean banatu zituzten sariak Matxin enparantzan egindako bertso saioaren ostean. Jon Maia, Onintza Enbeita, Sustrai Colina eta Jexux Mari Irazuk parte hartu zuten.
Legorburu bitan saritua
Mungian izan ezik, Urretxun ere izan da saritua Legorburu, Aitor Albistur herrikidearekin batera. Iparragirre Saria bi oreretar horiei eman diete, eta biek 300 euroko saria lortu dute. Legorburu Ai ama lanarengatik saritu dute, eta Aitor Albistur, berriz, Hiltzera kondenatua bertsopaperarengatik. Horrez gain, poesian ere izan da saritua Albistur, Sonotonezko taupadak lanarengatik. Sari banaketa otsailaren 17an izango da Urretxuko udaletxean.
Legorburuk duela bi hilabete ere saria irabazi zuen, Mutrikuko XXVII. Okelar Anaiak bertsopaper lehiaketa, hain zuzen. Orduan, Atzo eta gaur bertso sortari esker irabazi zuen lehen saria.