Errenteriako Udaleko Gobernu Taldeak “kezka eta atsekabea” azaldu ditu udalerriko sei gazte espetxeratzeko Espainiako Auzitegi Nazionalak emandako epaiaren harira. Epaiak, “herri honek behar duen normalizazio politikoari” ez diola laguntzen, eta politikan parte hartzeko zein biltzeko eskubidea “urratzen” dituela salatu du gobernu taldeak, “epaia, zigortutako gazteek Segi erakundean zuten partaidetzan oinarritzen delako soilik”.
Horrenbestez, “elkartasuna” eta “babesa” adierazi die Errenteriako Udaleko Gobernu Taldeak sei gazteei eta horien senideei.
Errepresioa areagotu
Ezker abertzaleak, bere aldetik, “Madrilek eta Parisek errepresioa areagotuz erantzun” dutela salatu du, eta euskal jendartearen gehiengoak eskatutakoari “bizkarra” ematen ari direla gaineratu. Oreretako sei gazteen kontra Espainiako Auzitegi Nazionalak hartutako erabakia zein azken atxiloketak horren adierazle direla gaineratu du ezker abertzaleak.
Gazte Abertzaleek ere epaia gaitzetsi eta Auzitegi Nazionala “desegiteko” galdegin dute. Euskal gazteriaren borroka ez dutela geldituko ere esan dute: “Politika eta ideiak espetxeratu nahi dituzte, baina ez dute lortuko, ehunka gaztek jarraituko baitugu aurrekoen borroka politikoarekin”.