Udal gobernu taldea: “Epaiak ez dio normalizazio politikoari laguntzen”
Espainiako Auzitegi Nazionalak herriko sei gazte espetxeratzen hartutako erabakiaren gainean, udal gobernu taldeak “kezka eta atsekabea” azaltzeaz gain, normalizazio politikoari ez diola laguntzen adierazi du: “Erabakia gazte hauek Se...
Espainiako Auzitegi Nazionalak herriko sei gazte espetxeratzen hartutako erabakiaren gainean, udal gobernu taldeak “kezka eta atsekabea” azaltzeaz gain, normalizazio politikoari ez diola laguntzen adierazi du: “Erabakia gazte hauek Segi erakundean zuten partaidetzan oinarritzen denez soilik, politikan parte hartzeko eskubidea eta bilera eskubidea urratzen dituela uste dugu”.
Halaber, elkartasuna eta babesa adierazi die Xabier Lujanbio, Maitane Linazasoro, Iosu Arruabarrena, Aitor Alberdi, Aitor Franco eta Arkaitz Anzari eta baita euren familia eta lagunei ere.
Udal gobernu taldeak gogorarazi du irailaren 27an akordio batera iritsi zela Oarsoaldeko hamasei gazteren kontrako epaiketaren gainean kezka azaltzeko eta politikaren judizializazioak dakarren segurtasun eza salatzeko: “Asko izan baitira erakundeak kriminalizatzeko egin diren prozesuak, ‘dena ETA’ dela argudiatuta”. Gaineratu duenez, horrelako prozesuak ez dira eurek aldarrikatzen duten agertokira iristeko bidea, “eta errugabetasun presuntzioa arriskuan jartzen dute”.
Haatik, giza eskubide guztien defentsa normalizazio politikoaren lehen fasea finkatzeko eta euskal gatazkak irtenbide demokratikoa izan dezan ahalbidetzeko “giltzarria” dela iritzi dio udal gobernu taldeak. “Atsekabea eragiten digute atzoko epaia bezalako erabakiek, oztopoak besterik ez dituztelako jartzen helburu komun horietara bidean”.
Atzo Espainiako Auzitegi Nazionalak sei urteko espetxe zigorra ezarri zien Oarsoaldeko sei gazteri, Segiko kide direlakoan. Absolbitu egin zituen beste 11 gazte.