Atzo jakinarazi zuen Espainiako Auzitegi Nazionalak Oarsoaldeko hamazazpi gazte auzipetuen gaineko epaia. Horietako seiri, sei eta sei urte eta erdi arteko espetxe zigorra ezarri die, “talde terroristako kide” izatea leporatuta, eta beste 11 absolbitu ditu. Xabier Lujanbio, Maitane Linazasoro, Iosu Arruabarrena, Aitor Alberdi, Aitor Franco eta Arkaitz Antza oreretarrak dira zigortutakoak.
Auziperatuek salatu dutenez, “torturetatik lortutako autoinkulpazioen frogekin” epaitu zituzten, eta “sei urteko espetxe zigorra ezarri digute Euskal Herriarekiko erakutsitako konpromisoarengatik”. Hala, “2009az geroztik ehun gazte baino gehiago atxilotu dituzte beren lan politikoarengatik”, eta horietatik askok torturak salatu dituztela argudiatu dute. “Lehen euskal herritarron kontrako epaiketa eta sententziek inongo justifikaziorik ez bazuten, Euskal Herrian bizitzen ari garen garai berri hauetan are gutxiago”.
2008ko apirilean eman zuen Fernando Grande Marlaska epaileak Oarsoaldeko 22 gazte atxilotzeko agindua, Segiko kide izatea leporatuta. Horietako hamar, apirileko polizia operazioan atxilotu zituzten eta beste hamar, Donostiako Auzitegian aurkeztu zirenean, urte horretako uztailean. Beste bi ihes eginda daude.
Apirilean atxilotu zituztenek tratu txarrak eta jazarpen sexuala salatu zituzten. Atxilotuen artetik, hamazazpi auzipetu zituzten eta gainontzeko hirurak, epaiketaren aurretik absolbitu zituzten. Segiko kide izatea leporatu zieten guztiei.
Hamasei gazte zeuden epaiaren zain, hamazazpigarrena, Imanol Sagarzazu uztailean egindako epaiketaren bigarren egunean absolbitu baitzuten.
Epaiketaren lehen egunean hamazazpi gazteetatik hiru, Oihana Mujika, Iker Zabala eta Egoitz Urbe, ez ziren aurkeztu. Atxilotzeko agindua eman zuen Espainiako Auzitegi Nazionalak, eta egun horretan bertan, iluntzean atxilotu zituen Ertzaintzak Errenteria-Oreretan. Epaiketa uztailaren 28an amaitu zen. Defentsak absoluzioa eskatu zuen.
Fiskaltzak eta AVTk, berriz, aurretik egindako zigor eskaerak berretsi zituzten: Fiskaltzak auzipetu guztientzako zortzina urteko espetxe zigorrak eskatu zituen, eta AVTk, berriz, zortzi eta hamabi urteko zigor eskaerak.
LAB: “Onartezina da”
LAB sindikatuak epaia “sekulako astakeria juridikoaz gain, egungo egoeran onartezina den astakeria politikoa” dela adierazi du. Zigortu dituzten sei gazteak “lan politikoa egiteagatik” zigortu dituztela iritzi dio sindikatuak. “Kriminalizazio eta errepresio latzenean antolatutako gazteek erakutsitako indar eta konpromisoaren balioa” aldarrikatu du, eta etorkizuneko Euskal Herria eraikitzeko motorra direla esan. Elkartasuna ere adierazi die sindikatuak zigortutako sei gazteei eta euren senide eta lagunei, eta mobilizatzera deitu ditu.
Gazte1+ez-ek ere mobilizazioak iragarri ditu bere webgunean, nahiz eta ez duen zehaztu noiz eta non izango diren.