“Nire argazkietan azaltzen direnekin harremana lantzen saiatzen naiz beti”
Imanol Pachecok (Oiartzun, 1979) bere loradendan egiten du lan, baina duela hiru urtetik argazkilaritza du zaletasun. Super Foto Digital aldizkariak antolatutako lehiaketan bigarren saria eskuratu berri du, eta azken horrek ekarri duenaz eta bere zaletasunaz hitz egin du Hitza-rekin Errenteria-Oreretan bizi den oiartzuarrak. Zer da Book Super Foto Digital lehiaketa? Super Foto Digital aldizkari espezializatuak antolatzen du lehiaketa hori. Aldizkaria Euskal Herrian eta Espainiako Estatu osoan banatzen dute, eta lehiaketan parte hartzeko baldintza bakarra hilabetean bi argazki baino gehiago ez bidaltzea da. Otsailean hasi eta azaroan amaitzen da lehiaketa, eta ia urte osokoa izanik, argazki ikaragarri pila jasotzen dituzte. Ematen dituzten sariak, berriz, interesgarriak dira oso: lehenengo hirurek, 3.000, 1.800 eta 1.200 euroko saria jasotzen dute, hurrenez hurren. Nik bigarrena jaso dut. Horrekin batera akzesitak ere badituzte. Zerk eraman zintuen bertan parte hartzera? Bertan parte hartzen nuen lehenengo aldia izan da, eta bi argazki bidali nituen lehiaketarako. Joan den urte hasieran bidaia egin nuen Senegalera gobernuz kanpoko erakunde batekin, eta bertan egindako argazkiak asko gustatu zitzaizkidan. Lehiaketa horretan parte hartzea, bidaiari nolabaiteko jarraipena emateko modua iruditu zitzaidan. Nolakoa da saritutako argazkia? Senegalen egindako txango batean Dindefelo ur-jauziaren azpian, bertako mutil pare batekin egin genuen topo. Oso atseginak ziren, eta naturaltasun [...]
Imanol Pachecok (Oiartzun, 1979) bere loradendan egiten du lan, baina duela hiru urtetik argazkilaritza du zaletasun. Super Foto Digital aldizkariak antolatutako lehiaketan bigarren saria eskuratu berri du, eta azken horrek ekarri duenaz eta bere zaletasunaz hitz egin du Hitza-rekin Errenteria-Oreretan bizi den oiartzuarrak.
Zer da Book Super Foto Digital lehiaketa?
Super Foto Digital aldizkari espezializatuak antolatzen du lehiaketa hori. Aldizkaria Euskal Herrian eta Espainiako Estatu osoan banatzen dute, eta lehiaketan parte hartzeko baldintza bakarra hilabetean bi argazki baino gehiago ez bidaltzea da. Otsailean hasi eta azaroan amaitzen da lehiaketa, eta ia urte osokoa izanik, argazki ikaragarri pila jasotzen dituzte. Ematen dituzten sariak, berriz, interesgarriak dira oso: lehenengo hirurek, 3.000, 1.800 eta 1.200 euroko saria jasotzen dute, hurrenez hurren. Nik bigarrena jaso dut. Horrekin batera akzesitak ere badituzte.
Zerk eraman zintuen bertan parte hartzera?
Bertan parte hartzen nuen lehenengo aldia izan da, eta bi argazki bidali nituen lehiaketarako. Joan den urte hasieran bidaia egin nuen Senegalera gobernuz kanpoko erakunde batekin, eta bertan egindako argazkiak asko gustatu zitzaizkidan. Lehiaketa horretan parte hartzea, bidaiari nolabaiteko jarraipena emateko modua iruditu zitzaidan.
Nolakoa da saritutako argazkia?
Senegalen egindako txango batean Dindefelo ur-jauziaren azpian, bertako mutil pare batekin egin genuen topo. Oso atseginak ziren, eta naturaltasun osoz jarri ziren argazki kameraren aurrean. Bertan azaltzen den mutilak, Amamadu du izena. Nire argazkietan azaltzen diren pertsonak ezagutzea gustatzen zait. Ez zait gustatzen argazkiak lapurtzea. Beti saiatzen naiz loturaren bat bilatzen argazkia egin aurretik, harremana, nolabait adiskidetasuna lantzen.
Noiz hasi zinen argazkilaritza munduan?
Orain dela hiru urte hasi nintzen. Betidanik gustatu izan zait irudien mundua, eta ez daukat halako dohain berezirik marrazkirako. Argazkigintza errazagoa iruditu zitzaidan, gero, azkenean, mundu ikaragarria dela jabetzen bazara ere. Sartu nintzen, gustatu egin zitzaidan, aukera izan nuen nire ekipoa pixka bat hobetzeko, eta aitortu behar dut denborarekin erabat engantxatu nauela mundu honek.
Halako saria jasotzeak garrantzitsua izan behar du.
Egia esaten badizut, inoiz ez dut argazki bat atera sari bat lortzeko asmoarekin. Egia da, ordea, honek bultzada bat ematen dizula, azkenean, zure argazkiak zuretzat bereziak direlako noski, baina ezagutzen ez zaituen pertsona batek zure lana saritzea eta balore bat ematea bultzada da zaletasun horrekin jarraitzeko. Bestalde, ekonomikoki ere ez dator batere gaizki, argazkilaritza ekipo bat behar duzulako honetarako azkenean, eta argazkilaritza ez da batere merkea. Egia esan, oso pozik nago, ez duelako aldizkariak argazkia aukeratzen, gainera, bost argazkilari profesionalek osatutako epaimahaiak baizik.
Inoiz egin duzun argazkirik kuttunena?
Asko daude. Agian ez da hau kuttunena, baina orain berezia bihurtu da. Senegalera egindako azken bidaian baditut lauzpabost argazki berezi. Umeak agertzen dira, eta oso harreman berezia sortu zen gu eta bertakoen artean. Hango argazkiekin erakusketa dut jarria loradendan. Nire lana webgunean ere ikus daiteke.