Josu Gil: “Eguneroko erosketek baserria eta ingurumena mantentzea laguntzen dute”
Josu Gil (Eibar, 1979) EHNE sindikatuko kidea 19:30etik aurrera egongo da gaur Gezala Auditoriumean. Txoriak galduta egozenian dokumentala ikusi ondoren, hitza hartuko du Gilek. Filmak Zumarragako Oraa baserriko bizimodua azaltzen du. Arratsaldeko ekitaldia Gipuzkoa desberdin baten alde, jendarte eredua aldatu: azpiegitura lan handiak gelditu izenburuko jardunaldien barruan egingo dute. Gaur solasaldia egongo da Gezala Auditoriumean. Zer aditzeko aukera izango dute bertaratzen direnek? Hitzaldia baino gehiago, Txoriak galduta egozenian dokumentalarekin dago lotuago saioa. Baserri tradizional baten bizimodua azaltzen du, eta gaur egun ikusteko zailak diren hainbat lanbide ikusteko aukera egongo da. Pasarte batzuk hartuko ditut, eta jendeak zer pentsatzen duen adierazi dezake. Ez dut ohiko hitzaldi bat emango, nahiago dut jendearen iritzia jaso; euren kezkak eta galderak jaso. Film horretan familia batek zalantzak ditu, baserrira aurrerapen teknologikoak eraman ala ez, batzuk aldekoak dira, beste batzuk kontrakoak… Ea jendeak zer pentsatzen duen horri buruz. Eztabaida modukoa izatea da helburua, interaktiboa. Arratsaldeko ekitaldia ‘beste Gipuzkoa baten aldeko’ jardunaldien barrukoa da. Baserriak oinarrizkoak dira aldarrikatzen den beste Gipuzkoa horretan? Bai, argi daukagu baietz. Dinamika horretan azpiegitura handiak kritikatzen dira: Abiadura Handiko Trena edo Jaizkibelgo kanpo kaia… Azpiegitura horiek, eta ia denek, nekazaritzan dute eragina. Nekazal lur asko ari dira zementuz betetzen. Nekazaritzak [...]
Josu Gil (Eibar, 1979) EHNE sindikatuko kidea 19:30etik aurrera egongo da gaur Gezala Auditoriumean. Txoriak galduta egozenian dokumentala ikusi ondoren, hitza hartuko du Gilek. Filmak Zumarragako Oraa baserriko bizimodua azaltzen du.
Arratsaldeko ekitaldia Gipuzkoa desberdin baten alde, jendarte eredua aldatu: azpiegitura lan handiak gelditu izenburuko jardunaldien barruan egingo dute.
Gaur solasaldia egongo da Gezala Auditoriumean. Zer aditzeko aukera izango dute bertaratzen direnek?
Hitzaldia baino gehiago, Txoriak galduta egozenian dokumentalarekin dago lotuago saioa. Baserri tradizional baten bizimodua azaltzen du, eta gaur egun ikusteko zailak diren hainbat lanbide ikusteko aukera egongo da. Pasarte batzuk hartuko ditut, eta jendeak zer pentsatzen duen adierazi dezake. Ez dut ohiko hitzaldi bat emango, nahiago dut jendearen iritzia jaso; euren kezkak eta galderak jaso. Film horretan familia batek zalantzak ditu, baserrira aurrerapen teknologikoak eraman ala ez, batzuk aldekoak dira, beste batzuk kontrakoak… Ea jendeak zer pentsatzen duen horri buruz. Eztabaida modukoa izatea da helburua, interaktiboa.
Arratsaldeko ekitaldia ‘beste Gipuzkoa baten aldeko’ jardunaldien barrukoa da. Baserriak oinarrizkoak dira aldarrikatzen den beste Gipuzkoa horretan?
Bai, argi daukagu baietz. Dinamika horretan azpiegitura handiak kritikatzen dira: Abiadura Handiko Trena edo Jaizkibelgo kanpo kaia… Azpiegitura horiek, eta ia denek, nekazaritzan dute eragina. Nekazal lur asko ari dira zementuz betetzen. Nekazaritzak ez dauka lehen zeukan indarra, eta baserritar askok nahiago dute lurrak saldu, diru pixka bat irabazteko. Guk kontrakoa aldarrikatzen dugu. Nekazaritza indartsu eta osasuntsu bat edukiz gero, azpiegitura horiek aurrera eramatea zailagoa izango da. Kaletarrek nekazaritza sektore estrategikoa dela konturatzea nahi dugu, AHT egitea baino garrantzitsuagoa da.
Mota horretako nekazaritza galduz gero, zer galduko luke Gipuzkoak?
Indarra galtzen ari da nekazariza, eta kanpotik gero eta produktu gehiago ari dira ekartzen, kalitate eskasekoak. Horrek eragina izango du, azken finean, gure osasunean. Kalitate txarrekoak badira, azkenean gaixotu egingo gara. Hemengo produkzioa, gehiena, kalitate onekoa da. Azkenean, abantaila baserritarrentzako zein kaletarrentzako da. Bide horretatik, zentzua galduko luke kanpotik produktuak ekartzeko autobideak eta abar egitea. Kate bat da dena. Guk hemengo ekonomia bultzatu nahi dugu.
Elikadura burujabetza deitzen zaio horri, ezta?
Bai, bai. Argi daukagu hemengo baserri eta lur sailekin ez ditugula behar guztiak asetuko. Aukera bat da, hemengo baserriei bultzada bat emateko, lanpostuak sortzeko, gazteak baserrietan instalatzeko… Baina horretarako agintari politikoek interesa eduki behar dute, eta argi dago beste negozio batzuk dituztela nahiago.
Eta laguntzarik jasotzen al duzue?
Gutxi, eta krisi honekin, gutxiago. Hemen joera bat ikusten da: gero eta baserritar gutxiago dago, eta urte batzuk barru, baserritar gutxi geratuko dira, ekoizle handien eskuetan. Horiek jasotzen dute egun laguntzarik handiena. Gu beste eredu baten alde gaude: lurrarekin lotura handiagoa duena, koherenteagoa.
Baserri txikien alde egiten duzue…
Beti ari gara erakundeei laguntza eskatzen, baina esperantza gutxi dugu… Herritarrei eguneroko erosketetan asko egin dezaketela nabarmentzen diegu, azokan edo baserritarrei zuzenean erosten asko egin dezaketelako. Ez da erosketa soila; baserria bizirik mantentzen laguntzen duzu, eta inguru hori zainduta egongo da. Barazki edo gazta batean lan handia dago.