Oreka mantentzeko prest datoz
Estitxu Zabala Irutxuloko Hitza Ekilibristak musika taldeak 10 urte inguru daramatza jada musika sortzen. Gaur egun, sei kidek osatzen dute taldea: Sergio Garciak (baxua), Asier Osinaldek (ahotsa), Mikel Osinaldek (teklatua, tronpeta, gitarra eta harmonika), Iñigo Larrañagak (gitarra), Iñaki Manterolak (bateria) eta Haritz Lakak (gitarra). Lehenengo hirurak, hau da, Sergio, Asier eta Mikel donostiarrak dira, Amarakoak zehazki; Iñigo, berriz, Trintxerpekoa da, eta beste biak, Haritz eta Iñaki, Hondarribikoak. Musika lasaiagoarekin hasi ziren arren, egun bereziki rock doinuak jotzen dituzte. Beraien berri zehatzagoa izateko, Haritz Laka gitarristarekin hitz egin du Hitzak. «2000. urtean, taldekide batzuk Bilbon elkar ezagutu zuten, bertan ikasten ari zirela. Musika gogoko zuten eta elkarrekin etxe batean geratzen hasi ziren, abestiak jotzeko», azaldu du Lakak. Hala, hortik musika talde bat sortzearen ideia otu zitzaiela dio Lakak. Aurrerago, Egian lokal bat lortu zuten, eta horrek entseatzeko lekua ziurtatu zien, eta bide batez, gauza berriak probatzeko aukera. Seikoteak 2003an eman zuen bere lehen kontzertua, Bilborocken. Ordutik, hainbat kontzertu eman ditu, horietako asko Donostian: Guardetxean, Atabal tabernan, Leize Gorrian, MAD tabernan… «Beti izan dugu gure abestiak sortzeko gogoa, eta hori egin izan dugu. Beste talde batzuen abestien bertsioak ere egin izan ditugu, Hertzainak, Ruper Ordorika, Michael Jackson…, baina jotzen dugunaren %95 guk [...]
Estitxu Zabala Irutxuloko Hitza
Ekilibristak musika taldeak 10 urte inguru daramatza jada musika sortzen. Gaur egun, sei kidek osatzen dute taldea: Sergio Garciak (baxua), Asier Osinaldek (ahotsa), Mikel Osinaldek (teklatua, tronpeta, gitarra eta harmonika), Iñigo Larrañagak (gitarra), Iñaki Manterolak (bateria) eta Haritz Lakak (gitarra).
Lehenengo hirurak, hau da, Sergio, Asier eta Mikel donostiarrak dira, Amarakoak zehazki; Iñigo, berriz, Trintxerpekoa da, eta beste biak, Haritz eta Iñaki, Hondarribikoak.
Musika lasaiagoarekin hasi ziren arren, egun bereziki rock doinuak jotzen dituzte. Beraien berri zehatzagoa izateko, Haritz Laka gitarristarekin hitz egin du Hitzak.
«2000. urtean, taldekide batzuk Bilbon elkar ezagutu zuten, bertan ikasten ari zirela. Musika gogoko zuten eta elkarrekin etxe batean geratzen hasi ziren, abestiak jotzeko», azaldu du Lakak.
Hala, hortik musika talde bat sortzearen ideia otu zitzaiela dio Lakak. Aurrerago, Egian lokal bat lortu zuten, eta horrek entseatzeko lekua ziurtatu zien, eta bide batez, gauza berriak probatzeko aukera.
Seikoteak 2003an eman zuen bere lehen kontzertua, Bilborocken. Ordutik, hainbat kontzertu eman ditu, horietako asko Donostian: Guardetxean, Atabal tabernan, Leize Gorrian, MAD tabernan…
«Beti izan dugu gure abestiak sortzeko gogoa, eta hori egin izan dugu. Beste talde batzuen abestien bertsioak ere egin izan ditugu, Hertzainak, Ruper Ordorika, Michael Jackson…, baina jotzen dugunaren %95 guk sortutakoa da», zehaztu du gitarra jotzaileak. Batik bat euskaraz abesten dute, baina badute gaztelaniazko eta alemanierazko abestiren bat ere.
2012 urteari gogor ekiteko gogoa du taldeak, beti ere oreka galdu gabe; eta kantu sorta berri bat eskainiko du: «Kontzertuetan ahalik eta jende gehien biltzea nahi dugu, eta era guztietako propaganda egiten ari gara, kartelen bidez, Interneteko sare sozialen bidez, lagunen bidez… ea jendea biltzea lortzen dugun!».