Ogi mamien eguna egingo dute etzidamu Zumardian
Monfrague elkarteak antolatuta, Extremadurako ogi mamien eguna egingo dute etzidamu Gamon Zumardian. Monfragueko presidente Angel Mateosek zehaztu duenez, “orain 21 urte sortu zen Monfrague, eta ordutik urtero-urtero egin izan dugun ekimena da ho...
Monfrague elkarteak antolatuta, Extremadurako ogi mamien eguna egingo dute etzidamu Gamon Zumardian. Monfragueko presidente Angel Mateosek zehaztu duenez, “orain 21 urte sortu zen Monfrague, eta ordutik urtero-urtero egin izan dugun ekimena da honakoa”.
Errenteriako Udalak lagunduta antolatzen duten Extremadurako ogi mamien eguna goizeko bederatzietan hasiko da. “Orduan hasiko gara ogi mamiak prestatzen”, azaldu du Mateosek.
Produktu tradizionalak salgai
Extremadurako ogi mamiak ez dira Zumardian tartea izango duten produktu bakarrak; izan ere, hango produktu tradizionalen salmenta postua izango da Zumardian jaiak dirauen artean, arratsaldeko bostak arte, hain zuzen ere.
Ogi mamiak dastatzeaz gain, beraz, igandean Zumardiraino hurbiltzen direnek, bestelako produktuak dastatu eta erosteko aukera ere izango dutela nabarmendu du Monfragueko presidenteak: “Extremadurako gazta, txorizoa, erroskillak, pestiñoak eta kañak izango dira salgai postuetan”. Jatekoekin batera, edatekoek ere lekua izango dutela esan du Mateosek, “ardoa ere izango delako Zumardian igandean, Extremadurakoa, noski”.
Eguna girotzeko, berriz, Extremadurako doinuak entzun ahalko direla zehaztu dute antolatzaileek: “Talderik ez dugu ekarriko, egun honetan ogi mamien gainean aritzen garelako batik bat, eta bestelakoek guk geuk antolatzen dugun kultur astearen barruan izaten dute tartea”.