«Plataforma logistikoa eraikitzeko izapideek aurrera jarraitzen dute, kanpo kaiarekin batera»
Oiartzun Arriskuan lan taldeak alegazioak aurkeztuko ditu berriro; Udalak gauza bera egiteko eskatu du Pasaiako Kanpo Kaiaren Ingurumen Jasangarritasunaren Txostenak Lezo-Oiartzunen makroplataforma logistiko bat eraikitzeko proposamena jasotzen du, kaiaren azpiegitura osagarri gisa. Txosten hori 45 egunez jarri zuten jendaurrean pasa den abenduaren 4an. Lur eremua, 180 hektarea dituena, bat dator Donostialdea-Behe Bidasoako Lurralde Plan Partzialak (LZP edo PTP) aurreikusitakoarekin. Plataforma logistiko horren aurka, duela urtebete, ia 8.000 alegazio-idazki aurkeztu zituzten oiartzuarrek eta 40 entitate inguruk, udal talde politiko guztiek barne. Baina plataforma logistikoaren zein kanpo kaiaren izapideek aurrera jarraitzen dutela salatu du Oiartzun Arriskuan taldeak. Pasaiako Portuko Agintaritzaren IV. Eranskina. Pasaiako Portuan gune logistikoa ezartzeko azterketaren analisia dokumentuan (www.puertopasajes.net) jasotzen denez, azpiegitura hori, hasieran, Jaizkibelgo tuneletarako eta portuko lanetarako materialak biltzeko izango litzateke. Eta gero, portuko salgaiak uzteko eta jarduera logistikoetarako, geltoki intermodala barne. Oiartzungo aldean egin nahi dutena zehaztu du taldeak: «Funtzio Anitzeko Eremu Logistiko bat egin nahi dute, gutxi gorabehera 20 hektareakoa, eta Zerbitzuen Eremu bat lehen fase batean» (gainerako eremua Arizabalo eta Mendin arte zabaltzen da). Horretarako, zelaigune handi bat egin beharko litzateke Trapada mendian eta ingurunean, eta ondorioz, mendi hori desagertuko litzateke». Ondorioak Dokumentuak berak dio jarduketa horrek «ia erabateko eragina izango lukeela Oiartzungo Arau Subsidiarioetan, [...]
Oiartzun Arriskuan lan taldeak alegazioak aurkeztuko ditu berriro; Udalak gauza bera egiteko eskatu du
Pasaiako Kanpo Kaiaren Ingurumen Jasangarritasunaren Txostenak Lezo-Oiartzunen makroplataforma logistiko bat eraikitzeko proposamena jasotzen du, kaiaren azpiegitura osagarri gisa. Txosten hori 45 egunez jarri zuten jendaurrean pasa den abenduaren 4an.
Lur eremua, 180 hektarea dituena, bat dator Donostialdea-Behe Bidasoako Lurralde Plan Partzialak (LZP edo PTP) aurreikusitakoarekin. Plataforma logistiko horren aurka, duela urtebete, ia 8.000 alegazio-idazki aurkeztu zituzten oiartzuarrek eta 40 entitate inguruk, udal talde politiko guztiek barne. Baina plataforma logistikoaren zein kanpo kaiaren izapideek aurrera jarraitzen dutela salatu du Oiartzun Arriskuan taldeak.
Pasaiako Portuko Agintaritzaren IV. Eranskina. Pasaiako Portuan gune logistikoa ezartzeko azterketaren analisia dokumentuan (www.puertopasajes.net) jasotzen denez, azpiegitura hori, hasieran, Jaizkibelgo tuneletarako eta portuko lanetarako materialak biltzeko izango litzateke. Eta gero, portuko salgaiak uzteko eta jarduera logistikoetarako, geltoki intermodala barne.
Oiartzungo aldean egin nahi dutena zehaztu du taldeak: «Funtzio Anitzeko Eremu Logistiko bat egin nahi dute, gutxi gorabehera 20 hektareakoa, eta Zerbitzuen Eremu bat lehen fase batean» (gainerako eremua Arizabalo eta Mendin arte zabaltzen da). Horretarako, zelaigune handi bat egin beharko litzateke Trapada mendian eta ingurunean, eta ondorioz, mendi hori desagertuko litzateke».
Ondorioak
Dokumentuak berak dio jarduketa horrek «ia erabateko eragina izango lukeela Oiartzungo Arau Subsidiarioetan, Parke Arkeologikoen eta Landa Atsedenlekuen barruan zehaztutako Babes Bereziko Eremu batean eta baita bertako plangintzak sailkatutako Natur Gune Babestu batean ere». Eremu horiek, dokumentuan adierazten den moduan, Korridore Ekologikoen Sistemaren barruan daude, eta Aiako Harriako eta Jaizkibeleko Natura 2000 espazioak uztartzen dituzte.
Baina dokumentuak ez ditu aztertzen garrantzitsuak diren hainbat gai, Oiartzun Arriskuan-eko kideen arabera: «Ez ditu aztertzen espazioa hartzeak, zirkulazioa gehitzea eta ibilgailuen pilaketak sortuko dituzten eraginak, ezta herritarrei sortutako eragozpenak ere». Eta alegazioak ez dituztela aintzat hartu salatu dute: «Ez du kontuan hartzen Lurralde Plan Partziala bideratu zenean azpiegitura horren aurrean herriak erakutsitako kontrako jarrera. Gogora dezagun, jende eta entitate askoren alegazioak jaso zirela. Plan hori aipatzen da, plataforma eta azpiegiturak eragindako eremuen babes eza justifikatzeko».
Aurkeztutako alegazioei muzin eginez, Pasaiako Portuko Agintaritzak, Oiartzungo etorkizuna planifikatu nahi duela salatu du Oiartzun Arriskuan-ek: «Horretarako, ingurumena suntsitzen eta udalerriaren ekonomia eta bizi-kalitatea kaltetzen duen azpiegitura bat babesten du».
Alegazio berriak
Horregatik, eta Lurralde Plan Partziala oinarri hartuta, Oiartzun Arriskuan lan taldeak alegazioak aurkeztuko ditu berriro, «Pasaiako Portuko Agintaritzak irekitako epearen barruan —epe hori irekita dago oraindik—».
Eta udalari ere alegazioak egiteko eskatu diote lan taldeko kideek, gai garrantzitsua delako: «Gure ustez, Oiartzungo Udalak ere alegazioak aurkeztu beharko lituzke, garrantzi handiko arazoa delako herriarentzat eta herritarrak oso kezkatuta daudelako, duela urtebete azaldu zuten moduan».