Jose Luis Gaztelumendiren “haize-parpailekin” ireki du urtea Mendi Zolan aretoak
Jose Luis Gaztelumendiren margo eta eskulturak eskegi zituzten atzo Mendi Zolaneko erakusketa aretoko hormetan. Hala, hilabete honetan lehen urteurrena beteko duen Zokoburuko kulturguneak herriko seme baten lanak hautatu ditu 2012 lehen erakusketa antolatzeko. Izan ere, Hendaian jaio zen Gaztelumendi, 1954an, eta bertan bizi izan da urte luzez, irakasle lana eta arte zaletasuna uztartuz. Oso goiz abiatu zen arte lanetan, marrazten. Txinako tintarekin egin zituen lehen lan aipagarriak; teknika horren indarra eta zehaztasuna maite zituen, paisaiak irudikatzeko, besteak beste. 19 urterekin zizelkatze leuneko grabatu hastapenak egin zituen Bordelen eta, handik gutxira, egurraren gaineko eskulturarekin saiatu zen Ganbian emandako bi urteetan; Afrikako egonaldiaren ondorioz kolorearen eraginak garrantzia hartu zuen Gaztelumendiren obran. Hainbatetan erakutsi ditu bere lanak, baina bakarka bitan soilik: Afrikan, eta 1989an Baionako Patarre karrikako galeria batean; oliozko pastel lan batzuk hautatu zituen Lapurdiko hiriburuan erakusteko. Hortaz, Hendaiako artistak bakarkako hirugarren bilduma zabaldu zuen Itsas etorbideko aretoan. Intzura auzoko L’astroport elkartearen lantegian egindako lanak dira, orain artean jendaurrean erakutsi gabekoak. Oinarri gisa egurrezko egiturak hartu ditu egileak, eta haien gainean oihal margotuak edo bestelako materialak itsatsi ditu, “haize-parpailak” bailiran. Erakusketa pertsonala Oraingoan eskulturak eta margo lanak bateraturik sortu ditu Gaztelumendik. Lan oso pertsonalak dira; batetik, mugimenduak eta erritmoak autorearengan pizten duen [...]
Jose Luis Gaztelumendiren margo eta eskulturak eskegi zituzten atzo Mendi Zolaneko erakusketa aretoko hormetan. Hala, hilabete honetan lehen urteurrena beteko duen Zokoburuko kulturguneak herriko seme baten lanak hautatu ditu 2012 lehen erakusketa antolatzeko. Izan ere, Hendaian jaio zen Gaztelumendi, 1954an, eta bertan bizi izan da urte luzez, irakasle lana eta arte zaletasuna uztartuz.
Oso goiz abiatu zen arte lanetan, marrazten. Txinako tintarekin egin zituen lehen lan aipagarriak; teknika horren indarra eta zehaztasuna maite zituen, paisaiak irudikatzeko, besteak beste. 19 urterekin zizelkatze leuneko grabatu hastapenak egin zituen Bordelen eta, handik gutxira, egurraren gaineko eskulturarekin saiatu zen Ganbian emandako bi urteetan; Afrikako egonaldiaren ondorioz kolorearen eraginak garrantzia hartu zuen Gaztelumendiren obran.
Hainbatetan erakutsi ditu bere lanak, baina bakarka bitan soilik: Afrikan, eta 1989an Baionako Patarre karrikako galeria batean; oliozko pastel lan batzuk hautatu zituen Lapurdiko hiriburuan erakusteko.
Hortaz, Hendaiako artistak bakarkako hirugarren bilduma zabaldu zuen Itsas etorbideko aretoan. Intzura auzoko L’astroport elkartearen lantegian egindako lanak dira, orain artean jendaurrean erakutsi gabekoak. Oinarri gisa egurrezko egiturak hartu ditu egileak, eta haien gainean oihal margotuak edo bestelako materialak itsatsi ditu, “haize-parpailak” bailiran.
Erakusketa pertsonala
Oraingoan eskulturak eta margo lanak bateraturik sortu ditu Gaztelumendik. Lan oso pertsonalak dira; batetik, mugimenduak eta erritmoak autorearengan pizten duen lilura irudikatzen dutelako, eta, bestetik, bere bilakaera artistikoak fetitxe izan dituen hainbat elementuren presentzia nabaria delako, hala nola, areatzetako olanezko etxolak eta egurrezko kroskoak. Hori bai, oraingoan elementu horien presentzia txikiagoa da, eta beste batzuekin nahastuta. Zeruarekiko eta itsasoarekiko lotura nabaria da erakusketan, eta ezinbestean, bisitariari amets egiteko gonbita egingo dio Gaztelumendiren obrak.
Jose Luis Gaztelumendiren erakusketa hilaren 14a arte zabalik egongo da Mendi Zolanen, ohiko ordutegian: asteartetik larunbatera, 10:00etatik 13:00etara eta 15:00etatik 19:00etara.