Bigarrenez Mariasun Landa Sariak antolatu ditu Berdintasun Kontseiluak
Herriko emakumeek egindako lana ezagutarazteko asmoz, Berdintasun Kontseiluak Mariasun Landa Sariak antolatu ditu bigarrenez. Zehazki, gizarteko hainbat arlotan emakumeek Errenteria-Oreretari egindako ekarpenaren berri ematea du helburu, eta horri buru...
Herriko emakumeek egindako lana ezagutarazteko asmoz, Berdintasun Kontseiluak Mariasun Landa Sariak antolatu ditu bigarrenez. Zehazki, gizarteko hainbat arlotan emakumeek Errenteria-Oreretari egindako ekarpenaren berri ematea du helburu, eta horri buruzko idazlanak sustatu, aitortu eta sarituko ditu. Antolatzaileek gogorarazi dutenez, Berdintasun Planaren barruan dago lehiaketa hori.
Idazlan guztien artean bi sarituko ditu epaimahaiak. Batetik, emakumeek aurkeztutako lanik onena aukeratuko dute, eta irabazleak 350 euro eramango ditu. Bestetik, berriz, gainontzeko guztien artean 350 euroko beste sari bat egongo da. Sari horiek Emakumearen Eguneko ekitaldi nagusian banatuko dituzte, martxoaren 8an, edo egun horretan egiten ez bada, dagokion egunean. Bi idazlan irabazleak, gainera, Oarso aldizkarian argitaratuko dituzte, eta ahalegina egingo du Berdintasun Kontseiluak gainontzeko hedabideetan ere ateratzeko.
Joxepa Anttoni Aranberri
Iaz, Mariasun Landa Sarien lehenengo ekitaldian, Iñigo Legorburu izan zen garailea Joxepa Anttoni Aranberri bertsolariari buruzko lanarengatik. “Lan horri esker, emakumeek bertsolaritzan izan duten garrantzia berreskuratu dute”, adierazi du Berdintasun Kontseiluak.
Lanak dagoeneko aurkez daitezke, eta oraindik egin ez duenak hilaren 31ra arteko epea izango du. Udaletxeko erregistroan entregatu beharko dira.
Formatuari dagokionez, 3.000 eta 6.000 karaktere arteko kopurua izan beharko dute lanek, eta testuarekin batera, kalitate oneko irudiak aurkeztu beharko dira, gutxienez bi eta gehienez lau.