Presoen eskubideen aldeko aldarriak kaleak hartu ditu
Larunbatean Bilbon egingo den manifestaziora biltzeko deia zabaldu dute tokian tokiko eragileek. Euskal presoak Euskal Herrira ekartzea, zigorra bete duten presoak askatu eta bizi guztirako zigorrak bertan behera uztea, espetxealdiaren hiru laurdenak bete dituzten presoak kaleratzea eta gaixorik daudenak libre uztea. Horrez gain, zabaldu den aro politiko berrian gatazkaren soluzio bidean modu positiboan eragiteko Frantziako eta Espainiako estatuek darabilten espetxe politika konponbide gakoetan jartzea. Horiexek larunbatean euskal presoen eskubideen alde Bilbon egingo den manifestaziorako aldarriak, eta aldarri horien inguruan batu dira azken asteotan hamaika eragile, Euskal Herri osoan bezala, baita Oarso Bidasoan ere. Hondarribian, esaterako, agerraldi jendetsua egin zuten hilaren 22an, tartean mobilizazioari atxikimendua agertu dioten herriko aurpegi ezagunak zeudela. Besteak beste, Jon Areito trialsineko txirrindulari txapelduna, Osertz Aldai eta Manex Aldai arraunlariak, Alfonso Sastre eta Jesus Mendizabal idazleak, Lore Herriondo UEUko zuzendari izandakoa, Koldo Ortega, Joserra Enparan eta Izaskun Agirre irakasleak, Serafin Sagarzazu eta Luis Mari Bujanda ostalariak eta Xabier Erro mendizalea. Atxikimendu gehiago bildu nahi dituzte eta horretarako eta manifestaziora autobusez joan nahi dutenek izena eman dezaten ondoko helbidea zabaldu dute Hondarribin: ahaldugu@gmail.com. Irunen, hiru zutabeko martxa egin zuten abenduaren 23an, Mendelu, Elitxu eta Moskutik abiatuta. Elkarretaratzea ere egin zuten 24an, Sargia parkean, eta presoen senideen etxeetan kantari [...]
Larunbatean Bilbon egingo den manifestaziora biltzeko deia zabaldu dute tokian tokiko eragileek.
Euskal presoak Euskal Herrira ekartzea, zigorra bete duten presoak askatu eta bizi guztirako zigorrak bertan behera uztea, espetxealdiaren hiru laurdenak bete dituzten presoak kaleratzea eta gaixorik daudenak libre uztea. Horrez gain, zabaldu den aro politiko berrian gatazkaren soluzio bidean modu positiboan eragiteko Frantziako eta Espainiako estatuek darabilten espetxe politika konponbide gakoetan jartzea. Horiexek larunbatean euskal presoen eskubideen alde Bilbon egingo den manifestaziorako aldarriak, eta aldarri horien inguruan batu dira azken asteotan hamaika eragile, Euskal Herri osoan bezala, baita Oarso Bidasoan ere.
Hondarribian, esaterako, agerraldi jendetsua egin zuten hilaren 22an, tartean mobilizazioari atxikimendua agertu dioten herriko aurpegi ezagunak zeudela. Besteak beste, Jon Areito trialsineko txirrindulari txapelduna, Osertz Aldai eta Manex Aldai arraunlariak, Alfonso Sastre eta Jesus Mendizabal idazleak, Lore Herriondo UEUko zuzendari izandakoa, Koldo Ortega, Joserra Enparan eta Izaskun Agirre irakasleak, Serafin Sagarzazu eta Luis Mari Bujanda ostalariak eta Xabier Erro mendizalea. Atxikimendu gehiago bildu nahi dituzte eta horretarako eta manifestaziora autobusez joan nahi dutenek izena eman dezaten ondoko helbidea zabaldu dute Hondarribin: ahaldugu@gmail.com.
Irunen, hiru zutabeko martxa egin zuten abenduaren 23an, Mendelu, Elitxu eta Moskutik abiatuta. Elkarretaratzea ere egin zuten 24an, Sargia parkean, eta presoen senideen etxeetan kantari aritu ziren, guztia presoei elkartasuna agertu eta larunbateko manifestaziorako deialdia luzatzeko. Horrez gain, biharko agerraldia iragarri dute Irungo presoen senideek. Herriko hainbat elkartetako lagunek babestuta emango dute prentsaurrekoa, 12:00etan, EAren egoitzan.
Oreretan manifestazioa
Bidasoan bezala, Oarsoaldean ere hamaika ekimen izan dira azken asteotan larunbateko manifestaziorako deia zabaltzeko. Lezon, esaterako, abenduaren 23an egin zuten deialdia, eta urteko azken egunean, berriz, kopla zaharrak kantari aritu ziren baserriz baserri. Donibanen ere, presoak izan zituzten gogoan urte zaharreko koplak abestu bitartean, eta horrez gain, agerraldi jendetsua egin zuten hilaren 25ean. Antxon, bestalde, barrutiko hamaika eragile bildu zen Azokan, manifestazioari atxikimendua agertu eta batzeko deia luzateko. Oiartzunen ere agerraldi jendetsua egin zuten abenduaren 17an, eta urteko azken egunean, berriz, kartelada berezia.
Urteko azken eguneko mobilizaziorik jendetsuenetakoa Errenteria-Oreretan egin zena da. 600 bat lagun bildu ziren Musika plazatik irten zen manifestazioan, euskal preso eta iheslari politikoen eskubideak bete daitezen aldarrikatzeko. Manifestazioaren hasieran dultzaineroak eta ikurrina eskuetan zuten dantzariak joan ziren, eta haien atzetik euskal preso eta iheslari politikoak etxera zioen pankarta, senideak eta preso ohiak lagunduta.
Herriko plazan Oreretako Egin Dezagun Bideak larunbateko manifestaziorako propio landutako bideoa ikusi ahal izan zen, eta bideoa amaitzean Oier Guillanek poesia errezitatu zuen biolin hotsak lagunduta.
Autobusean joateko aukera
Bilbora autobusean joan nahi duenak oraindik badu izena emateko aukera. Errenteria-Oreretan Arkaitza, Landare eta Sindikato tabernetan daude izena emateko zerrendak; San Pedron Antxetan, eta Trintxerpen Trintxer Elkartean. Antxon Mimosen, Kamion eta Gaztetxean daude zerrendak, eta Donibanen, Patxiku eta Itziar tabernetan. Oiartzunen Amazkarren eta Makutxon jarri dituzte; Hondarribian Muara tabernan eta Irunen Hazia elkartean.
Antxon bi autobus bete dituzte dagoeneko, eta hirugarren bat antolatuko dutela iragarri dute barrutiko Egin Dezagin Bideako kideek. Hondarribian ere hirugarrena ari dira osatzen, eta Irunen, oraingoz, lau bete dituzte. Herri gehienetan ostirala bitartean mantenduko dituzte zabalik izena emateko zerrendak.
Urteko azken karteladak, jendetsuak
Kolosala izan nahi du larunbateko manifestazioak, eta herri askotan urteko azken kartelada baliatu dute deia egiteko. Antxon, 100dik gora lagun bildu zen ostiralean urteko azken karteladan, eta Oreretan, 250. Oiartzunen, berriz, 435 lagun bildu ziren, eta 40 San Pedron eta Trintxerpen. 40 lagun izan ziren Lezoko karteladan, 89 Hondarribin, eta 85 Irunen.


