2011n, 475 langabe gehiago Oarsoaldean eta Bidasoan
2011n igo egin da langabeen kopurua Oarsoaldean eta Bidasoan. Oarsoaldean, iazko abenduko azken egunean, 2010eko abenduaren 31n baino 262 langabe gehiago zeuden, eta Bidasoan, berriz, 213 gehiago. Beraz, bi eskualdeetako datuak batuz, langabeen kopurua 475 pertsonetan hazi da 2011n. Horrela, Bidasoan denera, 5.546 langabe daude (%14,01eko tasa), eta Oarsoaldean, berriz, 4.583 (%12,92).
Abenduko datuek jarrera kontrajarriak ekarri dituzte Oarsoaldean eta Bidasoan. Hala, urteko azken hilabetean, azaroarekin alderatuz langabeen kopurua 115 pertsonatan jaitsi zen Oarsoaldean, eta 15etan igo Bidasoan.
Gipuzkoan, denera, 41.130 pertsona daude lanik gabe (%11,55). Bidasoa da herrialdean langabezia tasarik altuena duen eskualdea, eta Oarsoaldeak bigarren postua Debabarrenari utzi dio, zerrenda horretan hirugarren bihurtzeko. Herrialdean langabezia tasa txikiena duten eskualdeak Debagoiena (%9,40) eta Urola-Kosta (%10,29) dira.