Amiantoari buruzko mozioa aurkeztuko du EA-IUk
Angel Robles Maldonado errenteriarra hil da bere lantokian zegoen amiantoaren eraginez. Errenteriako Ezkerrak (Ezker Anitza-IUk) datorren udalbatzarrean amiantoa hizpide duen mozioa aurkeztuko duela jakinarazi du. Izan ere, hilaren 4an Angel Robles Mal...
Angel Robles Maldonado errenteriarra hil da bere lantokian zegoen amiantoaren eraginez.
Errenteriako Ezkerrak (Ezker Anitza-IUk) datorren udalbatzarrean amiantoa hizpide duen mozioa aurkeztuko duela jakinarazi du.
Izan ere, hilaren 4an Angel Robles Maldonado errenteriarra hil zen, biriketako minbiziaren ondorioz. Familiari doluminak helarazteaz gain, koalizioak gogorarazi du Roblesek Luzuriaga enpresan egin zuela lan, eta amiantoa zegoela enpresan, beste hainbat produktu kantzerigenoen artean. Errenteriako Ezkerrak jakinarazi duenez, ez zioten inoiz aitortu laneko gaixotasuna zenik, nahiz eta horren alde borrokatu zen Robles.
Laneko gaixotasuna dela ezkutatu izana salatu du Errenteriako Ezkerrak. «Oraindik batzuek amiantoaren —eta beste hainbat produkturen— eta minbizi kasuen erlazioa ezkutatu nahian jarraitzen dute, tamalez. Agerian utzi nahi zuen Angelek bere bizitzako azken momentuetan», adierazi dute koalizioko kideek.
Horregatik, mozioa aurkeztuko dute, hiru eskakizunekin. Alde batetik, Osalani egingo diote eskakizuna: «Amiantoarekin lan egiten duten langile jubilatuentzat, lan egin ondorengo zaintza bereziaren protokoloa indarrean jartzea».
Bestalde, mutualitateei eskatuko diete diagnosien kostua euren gain hartzeko, baita gaixotasunen tratamenduarena ere. Azkenik, amiantoaren biktimak konpentsatzeko diru funtsa martxan jartzea galdegingo dute. Horrela, gaixoak eta senideak egindako kaltea ordain diezaieten eskatzera epaitegietara joatea ekidin nahi dute. Koalizioaren ustez, kalte hori, gehienbat, «enpresen arduragabekeriak» eragin du.

