2025erako plan estrategikoa osatu nahi du udalak, herritarren parte hartzearekin
Gaur eguerdian Errenteriako Udal Gobernu Taldeak datozen lau urtetarako ildo estrategikoak aurkeztu ditu Merkatuzarren. Aretoa jendez lepo bete da; guztira 300 lagunetik gora azaldu dira, eta batzuek zutik jarraitu behar izan dute ekitaldia. Udalak Errenteria-Oreretak izan duen lehenengo plan estrategikoa osatu nahi du, 2025erako, Errenteria 2025 izenekoa. Horretarako, herritarren parte hartzea “ezinbestekoa” izango dela adierazi du Julen Mendoza alkateak. Prozesu parte hartzailea datorren urtean hasiko da, eta 2013an bukatuko dela esan du. Plan estrategiko hori aurrera eramateko, baina, sektoreka landu behar da, eta arlo bakoitzaren azalpenak eman dituzte Udal Gobernu Taldeko zinegotziek. Hitza hartzen lehena Luisma Diez Hirigintza eta Obra zinegotzia izan da. Nabarmendu duenez, gaur egun hartzen diren erabakiek geroan izango dute eragina, eta horretarako Errenteria-Orereta 2025ean nolakoa izango den imajinatu behar da. “Herri honek dituen puntu sendoak, ahulak, abantailak eta desabantailak identifikatu behar dira”. Horregatik, orain dela zortzi urte martxan jarri zuten Hirigintza Plan Orokorra “zaharkitua” gelditu dela esan du, “eta garai berrietara egokitu behar da”. Horrez gain, Mugikortasun Plan Orokor berria martxan jartzea ere beharrezko ikusten du gobernu taldeak: trafiko antolamendu berria arautuko dute, eta aparkalekuei, garraio publikoari, bidegorriei eta oinezkoentzako lekuei garrantzia emago diete. Biziberritze ekonomikoa Segidan Garazi Lopez Etxezarreta Berdintasun zinegotziak hartu du hitza, [...]
Gaur eguerdian Errenteriako Udal Gobernu Taldeak datozen lau urtetarako ildo estrategikoak aurkeztu ditu Merkatuzarren. Aretoa jendez lepo bete da; guztira 300 lagunetik gora azaldu dira, eta batzuek zutik jarraitu behar izan dute ekitaldia.
Udalak Errenteria-Oreretak izan duen lehenengo plan estrategikoa osatu nahi du, 2025erako, Errenteria 2025 izenekoa. Horretarako, herritarren parte hartzea “ezinbestekoa” izango dela adierazi du Julen Mendoza alkateak. Prozesu parte hartzailea datorren urtean hasiko da, eta 2013an bukatuko dela esan du.
Plan estrategiko hori aurrera eramateko, baina, sektoreka landu behar da, eta arlo bakoitzaren azalpenak eman dituzte Udal Gobernu Taldeko zinegotziek. Hitza hartzen lehena Luisma Diez Hirigintza eta Obra zinegotzia izan da. Nabarmendu duenez, gaur egun hartzen diren erabakiek geroan izango dute eragina, eta horretarako Errenteria-Orereta 2025ean nolakoa izango den imajinatu behar da. “Herri honek dituen puntu sendoak, ahulak, abantailak eta desabantailak identifikatu behar dira”. Horregatik, orain dela zortzi urte martxan jarri zuten Hirigintza Plan Orokorra “zaharkitua” gelditu dela esan du, “eta garai berrietara egokitu behar da”. Horrez gain, Mugikortasun Plan Orokor berria martxan jartzea ere beharrezko ikusten du gobernu taldeak: trafiko antolamendu berria arautuko dute, eta aparkalekuei, garraio publikoari, bidegorriei eta oinezkoentzako lekuei garrantzia emago diete.
Biziberritze ekonomikoa
Segidan Garazi Lopez Etxezarreta Berdintasun zinegotziak hartu du hitza, baina ez bere arloaz hitz egiteko, ekonomiaz baizik. Krisiak herritarren bizi baldintzak “okertu” dituela salatu du. Hala ere, udalaren eskumen ekonomikoak indartzearen aldeko apustua egingo du Bildu eta Errenteriako Ezkerrak osatutako Gobernu Taldeak, “alde soziala indartuz”. Udalak lanpostuak sustatu eta sortu behar dituela esan du, eta horretarako “politika eraginkorrak” abiaraziko dituztela jakinarazi du Lopez Etxezarretak.
Horrela, hiru lan ildo proposatu dituzte biziberritze ekonomikoaren bidean. Alde batetik, Errenteria-Orereta Oarsoaldearen “motor ekonomiko gisa kokatu” behar dela esan du Bilduko zinegotziak. Bestalde, Herrilab egitasmoa martxan jartzeko konpromisoa hartu dute: “Ideien gune irekia izango da laborategi hori, garapenerako tresna izango dena”. Azkenik, kultura ezinbesteko ardatz bezala jarri du Lopez Etxezarretak, herriari “erreferentzialtasuna” ematearekin batera, ekonomiari ere onurak ekartzen dizkiolako.
Herri biziari bide egiten
Gaurko ekitaldiaren leloa Bidea egiten da, eta bide egite hori etorkizunean herri bizi bat egiteko asmoarekin izango dela esan du Irune Balentziaga Euskara eta Kultura zinegotziak. Errenteria-Orereta “nortasun eta mugimendu handiko” herria dela zehaztu du, “harrotasun handiz”, Balentziagak. Hala ere, “bizitzeko leku hobea izan dadin”, hainbat egitasmo abian jartzeko asmoa dute. Horrela, Oiartzun ibaia “berrreskuratu” nahi dute, baita Altzateko gunea ere. Añarbe, Listorreta eta Lau Haizeta egokitu nahi dituzte. Beraungo igerilekuak bukatzea premiazkoa ikusten dute, baita erdigune historikoa biziberritzea ere.
Horrez gain, 2012-2016 Jasangarritasun Plana ere abian jarri nahi dute, baita herritarren antolakuntza sareak indartu eta berriak sortu. Berdintasun Saila sortzeko asmoa ere azaldu dute, eta gazteriaren parte hartzea sustatzeaz gain, aisialdirako eskaintza zabaldu nahi dute. Ikastetxe publikoen baliabideak ere hobetu nahi dituzte. “Herri biziak herritar biziak eta dinamikoak behar ditu”, bukatu du Balentziagak.
Herritarren parte hartzea indartu
Herritarren dinamikek gune bat izateko parte hartzea bultzatuko dutela iragarri du Jose Manuel Ferradas Errenteriako Ezkerreko zinegotziak, “hori baita udalaren nortasuna adierazlea”. Horrela, udala herritarrengandik hurbilago egoteko gastu politikoa murriztea beharrezkoa uste du Ferradasek. Baina ez hori bakarrik. Auzoetako batzarrei jarraipena emango dietela esan du, eta auzolanean egindako lanak sustatuko dituztela. Ingurumen eta Eskola kontseiluak sortuko dituztela ere adierazi du, eta Hirigintza eta Euskarakoak sustatuko dituztela. Udalarekin egin beharreko tramiteak teknologia berriekin egitearen alde ere egin du Ferradasek.
Gardentasuna
Teknologia berriak, baina, ez dira tramiteetarako soilik erabiliko. Udalaren “gardentasuna” erakusteko ere baliatuko dituztela adierazi du Asier Mujika zinegotziak. Webgune bat ari dira prestatzen herritarren eta udalaren artean komunikazioa errazteko (datozen egunetan aurkeztuko dute), eta parte hartzea bultzatu nahi dute horrekin ere.
Ilusioz eta boteretuta
Ekitaldia ixteko ardura Julen Mendoza alkateak izan du. Horrela, aurkezpena antolatzeko arrazoiak zeintzuk izan diren azaldu zizkien Merkatuzarrera hurbildutako herritarrei. “Lehenik eta behin, herritarren aurrean gure proposamenak azaltzea ariketa demokratikoa dela iruditzen zait. Bestalde, dugun herriaz, harrotasunez, jabetzea da hemen egoteko arrazoietako bat. Eta azkenik, erantzukizunagatik. Herria ez du alderdi bakar batek egiten, ez udalak bakarrik: denon artean egin behar dugu herria”.
Gaurko ekitaldia “inflexio puntua” izango dela uste du Mendozak, “lehen hazia”. Horrela, herritarrek “boteretu” egin behar dutela dio, “eta etorkizunean nahi dugun herria zein izango den erabaki. Ekitaldi honetatik ilusioz ateratzea nahi dugu”. Oarsoaldeari “potentzialitatea” eman behar zaiola esan du, “Donostia-Irun, edo, zergatik ez, Donostia-Baiona hirian erreferente izan behar du”. Horregatik, gainontzeko erakundeen (Donostiako eta Irungo udalak, Foru Aldundia, finantza erakundeak…) laguntza behar dela esan du, “baina baita herri sektoreenak ere: sindikatuak, auzo elkarteak…”. Alkateak iragarri duenez, “ez da obra handien agintaldia izango, ideiena baizik”. Horregatik “gauza handietan” pentsatzeko eskatu die herritarrei, “gauza handietan pentsatuta egiten baita aurrera”. Mendozak herritarrak zein alderdi eta erakundeetako ordezkariak eskertu zituen ekitaldira joateagatik.
Hainbat arlotako herritarrak
Gaur eguerdian 300 lagunetik gora bildu dira Merkatuzarren. Bertan alderdi guztietako ordezkariak bildu dira, PSE-EEkoak izan ezik. Hala ere, Adrian Lopez alderdi horrekin alkate izandakoa bertan izan da, baita Xabin Olaizola (Herri Batasunarekin) ere. Hezkuntzako, finantza erakundeetako, enpresetako, sindikatuetako, kirol eragileetako, auzo elkarteetako, kulturako, euskalgintzako eta beste hainbat esparruetako jendea ere izan da bertan. Inguruko herrietako udaletako ordezkariak ere bertan izan ziren, baita ordezkari izandakoak ere, beste hainbat herritarrez gain.

