Ama Guadalupekoako lipdub-ak Gazteako saria irabazi du
Ama Guadalupekoa ikastetxeak Petite soeur abestiarekin egindako lipdub bideo musikalak, boto gehien jaso eta Euskadi Gazteko Dida irrati saioko bigarren lipdub lehiaketa irabazi du. Hala jakinarazi zuen, ostiral goizeko saioan, Joxeina Etxeberriak. Leh...
Ama Guadalupekoa ikastetxeak Petite soeur abestiarekin egindako lipdub bideo musikalak, boto gehien jaso eta Euskadi Gazteko Dida irrati saioko bigarren lipdub lehiaketa irabazi du. Hala jakinarazi zuen, ostiral goizeko saioan, Joxeina Etxeberriak.
Lehen Hezkuntzako, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako eta Batxilergoko 280 haur, gazte eta ikasle hondarribiarrek parte hartu dute bideoan, eta 52.676 puntu eskuratuta, 3.000 euroko saria jasoko dute.
Arrakasta lehen astetik
Lehiaketa hasi zutenetik, Ama Guadalupekoakoen bideoa lehen hiru postutan izan da, eta nahiz eta momentu batzutan bigarren postura jaitsi, hondarribiarren bideoa lehenengo postuan izan da azken egunetan.
Bigarren urtez parte hartu du Ama Guadalupekoak Euskadi Gazteko lehiaketan, eta iazko esperientzia errepikatu nahi izan dute. «Iaz oso ondo pasatu genuen, eta errepikatzea erabaki dugu. Ez sariagatik bakarrik, ekintzak ikastetxearentzako suposatzen duenagatik baizik», azaldu du irakasle batek.
Saria igandean jasoko dute
Prestaketa, koordinazio eta parte hartze lan asko egin dute azken asteetan, «jende eta gogo asko jarri beharreko proiektua izan da».
Orain 3.000 euroko saria eskuratu dutela, pozik dira ikastetxean, eta Batxilergoko bigarren mailako ikasleek urte bukaeran egingo duten bidairako gordeko dute dirua. Saria igandean 21:30etik aurrera jasoko dute, ETB1eko Finlandia telebista saioan.

