Errenteriako Atletismo Taldekoak Irunen lehiatuko dira etzi
Atletsimo taldekoak plaiaundin lehiatuko dira
EAT Errenteriako Atletismo Eskolako Benjamin, Kadete, Alebin eta Haur mailetako atletek etzi Irungo Plaiaundiko atletismo pistan egingo duten txapelketan parte hartuko dute. Benjamin Mailakoak 4×50 metroko erreleboko lasterketan eta pilota jaurtiketa proban ariko dira; alebinak, berriz, pilota jaurtiketan eta 60 metro eta 2.000 metroko probetan; Haur Mailakoek, disko jaurtiketan, 150 metro, 3.000 metro eta jauzi hirukoitzeko probetan hartuko dute parte; kadeteak, azkenik, disko jaurtiketan, jauzi hirukoitzean eta 3.000 metroko proban ariko dira etzi Irunen jokatuko den txapelketan. EATko arduradunek jakinarazi dutenez, 10:30ean hasiko dira txapelketako probak egiten.
Xabin Irastorzaren marka ona
Bestalde, joan den asteburuan Tolosako atletismo pistan jokatutako disko jaurtiketako txapelketan lortutako emaitza nabarmendu du atletismo eskolak: «Federatuen Mailako txapelketa zen, eta bertan izan zen EATko kide eta atletismo eskolako monitore Xabin Irastorza». Bi kiloko diskoa jaurti zuen eta bigarren postua lortu zuen Errenteriako Atletismo Eskolako kideak. Tolosan egindako parte hartze libreko txapelketan 30,68 metrora jaurti zuen Irastorzak diskoa. EATtik taldeko atleta zoriondu egin dute joan den asteburuan lortutako emaitza dela eta, eta bide beretik lanean jarraitzera animatu dute.