Emakumeenganako indarkeria, “gizartearen gaitza”
Emakumeenganako Indarkeriaren Kontrako Nazioarteko Egunaren harira, Errenteriako Udalak erakunde adierazpena egin du. Bertan, “gizartean irauten duen gaitz horren kontra” lanean jarraitzeko konpromisoa hartu du udalak. Ildo horretatik, inda...
Emakumeenganako Indarkeriaren Kontrako Nazioarteko Egunaren harira, Errenteriako Udalak erakunde adierazpena egin du. Bertan, “gizartean irauten duen gaitz horren kontra” lanean jarraitzeko konpromisoa hartu du udalak.
Ildo horretatik, indarkeria mota horri aurre egiteko zenbait neurri hartu behar direla adierazi du, heziketan oinarritutako prebentzio neurriak edo eraso baten ondorengo neurri asistentzialak, esate baterako. Horrekin batera, “udal politika aktibo, osoa eta koordinatua” garatzeko konpromisoa hartu du.
Udalak azaldu duenez, emakumeenganako indarkeria “berdintasunaren balioekiko errespetu eskasa eta gutxieneko kontzientzia duen gizartearen oinarrizko gabezia da”.
Horren adibide moduan indarkeria matxistaren biktimak aipatu ditu. 2011n bost emakume hil dituzte Euskal Herrian, eta hedabideetan beste ehunka kasu agertzen direla gaineratu du udalak. Horrez gain, herriko jaietan emakumeen askatasuna baldintzatu eta eraso sexistak areagotu direla adierazi du. Lan eremuan ematen diren jazarpen datuak ere “kezkatzekoak” direla jakinarazi du.
Azkenik, gazteen artean oraindik sexuen arteko botere harremanak eta balore patriarkalak irauten dutela esan du: “Mutil gehiegik baliatzen dute nesken kontrako indarkeria”.
Ekimenak
Egoera hori salatzeko, Berdintasun Kontseiluak hainbat ekimen egin zituen ostiralean. Iluntzean, elkarretaratzea egin zuten Niessen merkataritza zentroaren atarian, eta segidan, film laburrak ikusteko aukera izan zen Niessen zinemetan. Albaitari filma estreinatu zuten bertan.