‘Anbotoko Mari eta orrazi galdua’, gaur, Eskolatik Kaleraren eskutik
Eskolatik kalera ekintza
Euskara Eskolatik Kalera egitasmoak antolatuta, Glu Gluren Anbotoko Mari eta orrazi galduaren bila lana jasoko du gaur Errenteria Hiria Kulturguneak. Antzezlana 6 eta 12 urte arteko haurrei zuzenduta dago, eta sarrerarik ez dutenek, saioa hasi baino ordubete lehenago eskuratzeko aukera izango dute, leihatilean bertan, euro baten truke: 17:30ean hasiko da antzerkia.
Euskal mitologia
Anbotoko Mari eta orrazi galdua lanak Odeiren istorioa kontatzen du. Estatua bizidun bezala egiten du lan kalean, eta udako egun eguzkitsu batean amona misteriotsua ezagutuko du, Anbotoko Mari. Marik, azken zazpi urteak hirian eman ondoren, mendira bueltatu beharko du, baina urrezko orrazia galdu duela esango du, eta hura gabe ez du mendira itzultzerik izango. Mutiko gazteak, urrezko orrazia bilatzen laguntzeko, eguzkirik ez dagoen lekura bidaia ahaztezina egingo du Anbotoko Marirekin. Hiriko lurraren azpian dagoen mundu magikoan, Behigorri, Basandere eta Lamia izaki mitologikoekin egingo du topo, besteak beste. Anbotoko Mariri esker, bihotzez eta indar biziz sinisten den guztia egia dela ikasiko du Odeik.
Erabilera bultzatu
Haur eta gazteek euskara ikastetxeetatik kanpo erabil dezaten bitartekoak ematea da Errenteriako Udalak eta Lau Haizetara Euskaldunon Elkarteak kudeatzen duten Eskolatik Kalera egitasmoaren helburua, “gustuko dituzten gauzak euskaraz egiteko aukera badutela ikustea nahi dugu erabilera bultzatzeko, eta hizkuntz ohiturak adinik txikienetatik finkatzeko”. Horren barruan hileko azken ostiraletan haurrei zuzendutako emanaldiak antolatzen ditu Euskara Zerbitzuak. Antolatzaileek herriko haurrak parte hartzera deitu dituzte, “antzezlana ikusiz euskaraz ongi pasatzeko aukera paregabea izango dutelako”.