«Auzoa berreskuratu behar dugu»
Ehunka auzotar elkartu ziren Meson Extremeño tabernaren atarian herenegun, bertako jabe eta auzokidearen heriotza salatzeko, Gurekin Auzo elkarteak deitutako elkarrateratzean. Ehunka herritar elkartu ziren herenegun arratsaldean Gurekin Auzo Elkarteak deitutako elkarretaratzean. Meson Extremeño tabernaren atarian egin zuten mobilizazioa, bertako jabearen heriotza salatu, haren familiari babesa eskaini, eta auzoan segurtasun neurriak eskatzeko. Izan ere, azken horri, segurtasun ezari, egotzi diote Gurekin Auzo Elkarteko kideek auzoan izan den azken gertakaria: «Angelekin eztabaida izandako gizona oso arriskutsua da, eta harekin eztabaida izan eta gero hil zen gure auzokidea». Auzoko tabernariak bihotzeko arazoak zituela aipatu du Txelis Martinek, Iztieta-Ondartxoko auzo elkarteko presidenteak, «baina gertatutakoa ez da kasualitatea izan, auzoan bizi dugun segurtasun ezaren ondorioa baizik». Bi minutuko isilunea Zendutako auzotarra gogoratzeko bi minutuko isilunearekin hasi zuten elkarretaratzea. Txalo zaparradak hautsi zuen isilunea, eta lore sorta utzi zuten, ondoren, Meson Extremeño tabernaren atarian. Azken gertaeraren ondorioz, emozioak eta haserreak bat egin zuten herenegun bildutako herritarren artean. Martinek hartu zuen hitza auzo elkartearen izenean, eta bizilagunek Iztietan kalera ateratzeko izaten duten beldurrarekin amaitu beharra dagoela nabarmendu zuen: «Ezin dugu jarraitu kalera irteteko beldurrez, auzoa gurea da, eta gure espazioak berreskuratu egin behar ditugu, bizilagunok kalean izaten jarraitu behar dugu». Iztieta pasealekua horren adibideetako bat dela salatu [...]
Ehunka auzotar elkartu ziren Meson Extremeño tabernaren atarian herenegun, bertako jabe eta auzokidearen heriotza salatzeko, Gurekin Auzo elkarteak deitutako elkarrateratzean.
Ehunka herritar elkartu ziren herenegun arratsaldean Gurekin Auzo Elkarteak deitutako elkarretaratzean. Meson Extremeño tabernaren atarian egin zuten mobilizazioa, bertako jabearen heriotza salatu, haren familiari babesa eskaini, eta auzoan segurtasun neurriak eskatzeko.
Izan ere, azken horri, segurtasun ezari, egotzi diote Gurekin Auzo Elkarteko kideek auzoan izan den azken gertakaria: «Angelekin eztabaida izandako gizona oso arriskutsua da, eta harekin eztabaida izan eta gero hil zen gure auzokidea». Auzoko tabernariak bihotzeko arazoak zituela aipatu du Txelis Martinek, Iztieta-Ondartxoko auzo elkarteko presidenteak, «baina gertatutakoa ez da kasualitatea izan, auzoan bizi dugun segurtasun ezaren ondorioa baizik».
Bi minutuko isilunea
Zendutako auzotarra gogoratzeko bi minutuko isilunearekin hasi zuten elkarretaratzea. Txalo zaparradak hautsi zuen isilunea, eta lore sorta utzi zuten, ondoren, Meson Extremeño tabernaren atarian. Azken gertaeraren ondorioz, emozioak eta haserreak bat egin zuten herenegun bildutako herritarren artean.
Martinek hartu zuen hitza auzo elkartearen izenean, eta bizilagunek Iztietan kalera ateratzeko izaten duten beldurrarekin amaitu beharra dagoela nabarmendu zuen: «Ezin dugu jarraitu kalera irteteko beldurrez, auzoa gurea da, eta gure espazioak berreskuratu egin behar ditugu, bizilagunok kalean izaten jarraitu behar dugu».
Iztieta pasealekua horren adibideetako bat dela salatu zuen auzo elkarteko presidenteak, «pasiatzeko leku egokia, atsegina eta polita da, baina auzotarrok ezin dugu ordu batetik aurrera bertan lasai ibili, beldurrez ibiltzen garelako».
Halaber, gertakari guztiak salatzea «ezinbestekoa» dela esan zuen Martinek: «Garrantzitsua da, beste auzoetan ere halakoak gertatzen direla esan izan digutelako, eta guk auzoan bizi dugun egoera ez dela okerragoa. Beraz, gertatzen zaizkigun guztiak salatu behar ditugu, bizi dugun egoera ez normalaren froga direlako, azken batean».
Polizia ez da nahikoa
Iztietan segurtasun eza salatzen hasi zirenetik, poliziaren presentzia areagotu egin dela zehaztu dute auzo elkarteko kideek, «udaltzainen patruilak zein Ertzaintzarenak izaten dira auzoan barrena». Neurri polizialak, baina, ez dira nahikoa Gurekin Auzo Elkarteko kideek behin eta berriz nabarmendu dutenez. «Ez dugu gure seme-alabak jolasean aritzen diren parkea poliziaz inguratuta egotea nahi» esan du Miguel Harinak, Gurekin elkarteko presidenteordeak. Irtenbideek erakundeetatik etorri behar dutela argi dute Martinek eta Harinak, «bitartekoak jarri behar dituzte auzoan bizi dugun egoerarekin amaitzeko, bestela hilabete barru berriro elkartuko gara beste gertakizun tragiko bat izan delako auzoan».
Bizilagunen kezka nagusia, auzoan zabalik dauden eta zabaltzen ari diren hainbat komertzio dira. « Bestelako negozioak estaltzeko sortutako komertzioak dira, eta horien bueltan pertsona gatazkazaleak elkartzen dira», azaldu du Martinek. Lokal horien inguruan, «gatazkak, emakumeenganako jazarpena, lapurretak, droga salmenta eta segurtasun eza» sortzen direla salatu dute auzo elkarteko kideek, «eta ondorioz, bizilagunengan beldurra zabaldu da».
Bestalde, hedabideren batean Gurekin Auzo Elkartearen kontra egindako adierazpenen gainean ere aritu da Martin. «Alderdi politikoen kontra jo dugula esan dute, eta hori gezurtatu nahi dugu. Inoiz ez dugu jo inongo alderdiren kontra, bere garaian Juan Carlos Merinori eta udalari eskatu genizkion erantzukizunak, bera zelako alkatea. Orain, Julen Mendozari eta Gobernu Talde berriari eskatzen dizkiogu, beraiek direlako udala kudeatzen dutenak, eta bizi dugun egoera konpontzeko bitartekoak jarri behar dituztenak».
Gurekin elkarteak deitutako ordu erdiko elkarrateratzea amaitu zutenean, bat-bateko manifestazioa egin zuten auzoko eta herriko kaleetan barrena ehunka bizilagunek, «Iztieta-Ondartxo auzoa dela eta ez ghettoa» aldarrikatzeko.
Udalak hainbat neurri jarriko ditu martxan Iztietan epe laburrean
Auzoko hainbat komertziok hirigintza araudia betetzen ote duten aztertzeko konpromisoa hartu du

