Espainiako armadaren presentzia salatu du udalak

Oiartzungo Udalak Espainiako armadaren presentzia eta maniobrak salatu ditu. Oraingo honetan, udalak jakinarazi duenez, Oiartzungo lurretan aritu dira maniobra militarrak egiten, “inongo baimenik gabe”. Oiartzungo Udalak “kasualitatez...

Oiartzungo Udalak Espainiako armadaren presentzia eta maniobrak salatu ditu. Oraingo honetan, udalak jakinarazi duenez, Oiartzungo lurretan aritu dira maniobra militarrak egiten, “inongo baimenik gabe”.

Oiartzungo Udalak “kasualitatez” izan du Espainiako armadaren maniobren berri. Igandeko euriteengatik Arritxulo inguruan izandako luiziaren egoera ikustera joandakoan ikusi zituzten udaleko kideek militarrak, maniobrak egiten.

Espainiako armadaren presentzia militarra “ikaragarria” izan da udalaren esanetan: “200 bat militar ongi armatuta eta oinez, autobusa, anbulantzia, ibilgailuak…”.

Alde egiteko eskaera
Uholdeen ondoren sortutako egoerarekin euren lanarekin besterik gabe jarraitzea ulertezina egiten zaio udalari: “Eurite eta uholdeekin Oiartzun ez ezik inguruko herri guztiak erabat nahastuta eta hankaz goiti dauden momentu honetan, ezin dugu ulertu euren jarrera. Nola liteke bestelako lehentasunak dauden une honetan, eurek lasai-lasai maniobra militarrekin jarraitzea?”.

Udal Gobernu Taldeak ohar bidez eskatu du militarrek alde egiteko: “Oiartzundik eta Euskal Herritik joateko eskatu nahi diogu Espainiako armadari. Hemen ez dute tokirik euren gerra-jolasek. Gainera, egun Euskal Herrian bizi dugun egoera politiko itxaropentsuan ez dago inondik inora justifikatuta euren presentzia militarra”.

Udalak nabarmendu du militarrak ez direla beharrezkoak: “Ez Euskal Herrian eta Oiartzunen ez ditugu ez nahi eta ez behar, eta horixe gogorarazi nahi diogu Espainiako armadari”.

Azken berriak

Harpidetu zaitez gure buletin irekira!
Astekarko eduki nagusiak, asteko albiste ikusienak, martxan ditugun zozketa eta egitasmoak, asteburuko egitarauen agenda eta askoz gehiago!
Ostiralero zure posta elektronikoan.