Joko zuzenen arrakasta

Iragarritakoa bete zuen eguraldiak: txarra egin zuen. Hala ere, Pilota Zuzenean! ekimenaren barruan Txostek antolatutako joko zuzenei buruzko erakusketa, hitzaldia eta partida arrakastatsuak izan ziren. Asteartetik igandera egon zen joko zuzenei buruzko erakusketa Fermiñeneko erakusleihoetan. Eta jendearen interesa piztu zuen. Ostiralean, berriz, hitzaldiaren txanda izan zen, 19:30ean, Manuel Lekuona Bibliotekan. Joko zuzenak Oiartzualdean izan zen gaia, eta J. M. Mitxelena izan zen hizlaria, Anton Mendizabalen laguntzarekin. Irudiz hornitutakoa izan zen eta entzuleek arreta handiz jarraitu zuten. Anton Mendizabalen arabera, horren lekuko izan zen “galde-erantzunen txanda zabala eta bizia”. Harridura eta interesa sortu zuten zenbait datu eta gertakarik, Mendizabalek gogorarazi duenez: “Izan ere, hain da eskasa geure memoria historikoa…”. Pasaka partida Larunbatean 13:30ean hasi behar zuen Txosten eta Laxoa elkartearen arteko partidak. Zertxobait atzeratu zen azoka tokiz aldatu behar izan zutelako, baina hasi bezain laster jende dezente gerturatu zen Kontzejupera. Egun historikoa izan zen. Izan ere, 80 urte pasatu dira bertan pasakako azken partida jokatu zutenetik. Txosteko Mendizabalen arabera, “harriduraz eta gogo handiz” jarraitu zuten partida ikusleek. Pilotariei dagokienez, hasieran pixka bat kostatu zitzaien Kontzejupearen neurrietara moldatzea, baina «berehala hasi ziren honek eskeintzen dituen berezitasunaz baliatzen». Txostekoak joan ziren beti aurretik nahiz eta amaiera aldera baztandarrak asko inguratu ziren (8 – [...]

Iragarritakoa bete zuen eguraldiak: txarra egin zuen. Hala ere, Pilota Zuzenean! ekimenaren barruan Txostek antolatutako joko zuzenei buruzko erakusketa, hitzaldia eta partida arrakastatsuak izan ziren.

Asteartetik igandera egon zen joko zuzenei buruzko erakusketa Fermiñeneko erakusleihoetan. Eta jendearen interesa piztu zuen.

Ostiralean, berriz, hitzaldiaren txanda izan zen, 19:30ean, Manuel Lekuona Bibliotekan. Joko zuzenak Oiartzualdean izan zen gaia, eta J. M. Mitxelena izan zen hizlaria, Anton Mendizabalen laguntzarekin. Irudiz hornitutakoa izan zen eta entzuleek arreta handiz jarraitu zuten. Anton Mendizabalen arabera, horren lekuko izan zen “galde-erantzunen txanda zabala eta bizia”.

Harridura eta interesa sortu zuten zenbait datu eta gertakarik, Mendizabalek gogorarazi duenez: “Izan ere, hain da eskasa geure memoria historikoa…”.

Pasaka partida
Larunbatean 13:30ean hasi behar zuen Txosten eta Laxoa elkartearen arteko partidak. Zertxobait atzeratu zen azoka tokiz aldatu behar izan zutelako, baina hasi bezain laster jende dezente gerturatu zen Kontzejupera. Egun historikoa izan zen. Izan ere, 80 urte pasatu dira bertan pasakako azken partida jokatu zutenetik. Txosteko Mendizabalen arabera, “harriduraz eta gogo handiz” jarraitu zuten partida ikusleek.

Pilotariei dagokienez, hasieran pixka bat kostatu zitzaien Kontzejupearen neurrietara moldatzea, baina «berehala hasi ziren honek eskeintzen dituen berezitasunaz baliatzen». Txostekoak joan ziren beti aurretik nahiz eta amaiera aldera baztandarrak asko inguratu ziren (8 – 7). Azkenean Txostekoak izan ziren irabazle: bederatzi joko irabazi zituzten eta Laxoak zazpi. Partidak 50 minutu iraun zuen.

Pilotariek adierazi zutenez, Kontzejupea kantxa aparta da pasakan aritzeko, bai laxoarekin, baina baita eskuz ere. Ikusle gisan zeuden pilotari gazteak pasakan berehala hasteko gogoa adierazi zuten. Horren harira, Anton Mendizabalek galdera bat du buruan: “Errebotearen ondoren, pasaka ote da Oiartzunen berreskuratuko dugun hurrengo joko zuzena?”.

Pilota Zuzenean!

Ekitaldi horien arrakasta ikusita, gogoz jarri dira Txosteko kideak udaberriari begira.

Erreboteko finala
Beste hainbat ekitaldi zituzten antolatuta Pilota Zuzenean! ekimenaren barnean, baina eguraldiagatik bertan behera utzi behar izan zituzten. Datorren udaberrian egingo dituzte, eta orduan jokatuko dute Enrike Abril Errebote Txapelketako finala ere.

Azken berriak

Harpidetu zaitez gure buletin irekira!
Astekarko eduki nagusiak, asteko albiste ikusienak, martxan ditugun zozketa eta egitasmoak, asteburuko egitarauen agenda eta askoz gehiago!
Ostiralero zure posta elektronikoan.